Multijokalarira bideratuko dutela dirudi. Switch 2 kontsolan estreinatuko da esklusiboki datorren urtean.
FromSoftwarek eta Nintendo-k The Duskbloods aurkeztu dute: Hidetaka Miyazaki zuzendariaren soulsborne estiloko titulu berria izango da.
Steampunk girotzea hartuko du The Duskbloodsek; egia esan, Bloodborne gogora ekar dezake zentzu askotan, baina aro modernoagoan kokatzen da akziozko bideojokoa.
Miyazakiren jokoen ohiko elementuak biltzen ditu: borroka latzak, mundu misteriotsua eta erronka mordoa proposatuko dizkigu. Londresen antza duen hirian kokatuta egongo dela badirudi ere, kultura desberdinetako ideiak eta estetika bereganatuko dituela esan daiteke; izan ere, girotze asiarreko elementuak ageri dira bideoan, armak zein pertsonaiak barne.
Gure protagonistak banpiro botereak dauzkala dirudi. Horrela, arerioei energia xurgatuko diela ikusi dugu, baita gune garaietatik botatzeko ahalmena ere, besteak beste. Pistolak eta metrailetak erabiliko ditugu oraingoan edo steampunk jantzi hegalaria, baina ezkutuak eta ohiko erremintak ere bueltan direla erakutsi digute.
Oraingoz ez dugu informazio askorik jaso, baina, Nintendoren bideo ofizialeko deskribapenean irakur daitekeenez, “multijokalari abentura” izango da. Souls guztiek, Elden Ring-ek zein Bloodbornek sareko elementuak eduki dituztenez, ez dago argi Duskbloods hauen parera egongo den, edo zerbait guztiz berria eskainiko duen.
Datorren urtera arte itxaron beharko dugu: The Duskbloods 2026an argitaratuko da, esklusiboki, Nintendo Switch 2 kontsolan.
Iruzkinak