Atal teknikoa zehaztu dute Bethesda-tik, baita Switch 2ko ezaugarri bereziak aipatu ere. Birmasterizazioa iaz estreinatu zen PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan.
The Elder Scrolls IV: Oblivion Remastered birmasterizazioa Switch 2ra dator. Bethesdak aditzera eman dutenez, abuztuaren 11n helduko da Nintendo-ren gailu hibridora.
Otsailean ezagutzera eman zuten port-a —Switch 2rako Fallout 4 eta Indiana Jones and the Golden Circle bertsioekin batera—. Aldaketa handiak dakartzan birmasterizazioa da, Creation Engine garapen motore originala erabiltzeaz gain, atal grafikoa eraberritzeko Unreal Engine 5 motoreaz baliatzen baita.
Horri esker, 2006. urteko mundu irekiko RPG abenturari egungo grafikoak inplementatu dizkiotela esan daiteke, emaitza harrigarriak lortuta. Switch 2an muga batzuekin topo egingo du, ordea: modu eramangarrian 900p-ko bereizmenean jokatuko dugu, eta, 1080p-ko bereizmenean, dock-era konektatuz gero. Hori bai, DLSS eskalatze sistema erabiliko dute bereizmena areagotzeko. Segundoko fotogramen tasari dagokionez, 30 fps-etara mugituko du Nintendoren hibridoak.
Berritasun gehiago dakartza: ukipen pantaila bidezko kontrolak nahiz joy-con agintearen sagu modalitatea erabiltzeko aukera egongo da. Titulu aparta, egia esan, saguaren aukerak gehitzeko.
Bukatzeko, Bethesdatik oinarrizko jokoa kartutxoan etorriko dela baieztatu dute, edizioa fisikoa erosiz gero. Beste plataforma batzuei begira jarrita, 125 GBeko biltegiratzea eskatzen duela ezagututa, pozteko albistea; hori bai, birmasterizazioak Shivering Isles eta Knights of the Nine espantsio handiak batzen baditu ere, Switch 2ko erabiltzaileek hauek deskargatu egin beharko dituztela dirudi.
Oblivion Remastered joan den urteko apirilean estreinatu zen, ustekabean, PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan. Arazo handiekin iritsi zen, tamalez, eta egileek ez diete konponbiderik eskaini: akatsak edo errendimendu arazoak ikusi dituzte erabiltzaileek.
The Elder Scrolls IV: Oblivion Remastered abuztuaren 11n kaleratuko da Switch 2an.
Lander Unzueta
Iruzkinak