Komunitatearen aldetik laguntza jasoz gero, are lehenago prestatzea bilatzen dute boluntarioen taldekoek. Trailer ikusgarria sortu dute horretarako.

The Elder Scrolls frankiziaren indarguneetako bat bere jarraitzaileek sortutako mod bikainen sorta da. Bosgarren atalak, Skyrim arrakastatsuak, ehundaka eraldaketa txiki nahiz handi jaso ditu zaleen eskutik. Horren harira, proiekturik handienetako batek azkenik argitaratze data jaso du azkenik: Skyblivion desiratua 2025ean estreinatzea aurreikusten dute TESRenewal taldeko arduradunek.

Urrun geratzen den arren, zaleek denbora librean eta lan boluntarioari esker sortutako obra dela gogoratu beharra dago. Hala eta guztiz ere, arduradunek ere soberan dakite oraindik asko geratzen dela argitalpenerako: prozesua bizkortzeko asmoz, laguntzaileen bila jarraitzen dute, eta horiek lortzeko Skyblivionen trailer ikusgarria kaleratu dute.

Izenak argi adierazten duen modura, Skyrim eta Oblivion atalen arteko nahasketaren aurrean gaude; hau da, bosgarren jokoa hartuta laugarrena berregiten dabiltza TESRenewalekoak. Cyrodill eskualdeko hirietatik, mendietatik nahiz mundu daedrikoetatik hasita, bertan bizitako misioak zein abenturak eta pertsonaiak berriz ikusiko ditugu mod honekin, baita armak, armadurak eta bestelako objektuak ere.

Nola ez, Creation Engine motor grafikoari esker atal tekniko eraberrituarekin gozatuko dugu aipatutako guztiez. 2011ko tresna izanik, zaharkituta geratu dela esan daiteke, baina halere jauzi nabarmena nabariko dugu jatorrizko Oblivionekin alderatuz.

Proiektua aspaldi abiatu zen: 2012an sortu zen taldea moda garatzen hasteko, eta proba laburra prestatu zuten. Ordutik hona taldea nabarmen hazi da, eta trailerrean zein sare sozialetatik zabaldu dituzten irudietan argi ikus daiteke. Nola ez, zaleen obra izanik guztiz doakoa izango da.

 

Morrowind ahaztu gabe

Skyblivion, baina, TESRenewal taldearen proiektuetako bat baino ez da. TES sagako laugarren jokoa berregiteaz gain, gauza bera egiten dabiltza hirugarrenarekin. TES III: Morrowind maitea Skyrimen grafikoekin ikusteko aukera ere edukiko dugu Skywind izeneko modari esker.

Zoritxarrez, oraindik ez dauka kaleratze datarik. Demoak eta bideoak zabaldu dituzten arren, zaleek itxaron egin beharko dutela dirudi. Halere, jarratzaileekin sormen prozesua partekatu ohi dute arduradunek.

Proiektu biek antzeko ibilbidea eduki dute, egia esan: garatzaile mordoarekin eta hainbat urteko sormen prozesuarekin, argi dago Skyrimen oinarritutako modik handienetakoak izango direla.