Plataformak “baieztatu gabe” daude oraindik. AEBetako Federal Trade Commission erakundearen epaiketara bertaratu da Xbox-eko arduradun nagusia.

Phil Spencer Xboxeko arduradun nagusiaren arabera “bost urte baino gehiago” itxaron beharko ditugu The Elder Scrolls VI-n jokatu ahal izateko.

“Irail honetan estreinatuko den Starfield garatzen ari den talde berberak egingo du“, azpimarratu du bideojokoen saileko buruak. Hori horrela, oraindik “hainbat urte geratzen zaizkio”.

Plataformak ere aipatu gabe utzi ditu Spencerrek. Jokoa prestatzen hasi gabe egonda, hauek zehaztea “zaila dela” aldarrikatu du; hori bai, Xbox kontsoletara iritsiko dela dio. Egungo Xbox Series gailuetan ikusiko dugun jakitea geratzen zaigu orain.

Horren harira, PlayStation-ekin gertatuko dena zalantzan geratu da: Xboxeko buruak ez du esklusibotasunik aipatu gura izan, baina aspaldi egindako adierazpenetan Microsoften ekosisteman soilik jokatu ahalko dela azpimarratu zuen.

The Elder Scrolls VI orain bost urte iragarri zuten Activision Blizzardekoek eta Bethesda-koek. Iragarpen trailerra alboratuta, ez dugu tituluaren berritasunik jaso ordu hartatik.

 

Activision Blizzard, zalantzan

Anbiguetatea ulertzekoa da adierazpenon testuingurua ezagututa: Amerikako Estatu Batuetako Federal Trade Commission erakundeak abiatutako epaiketan plazaratu ditu.

Bista, nola ez, Activision Blizzard enpresaren bereganatzearen ondorioz emandakoa da: bertan erabakiko da Microsoft-ekoek eros dezaketen edo AEBetako uste onaren legeak hausten dituen.

Call of Duty frankizia ere aipatu da epaiketan. Spencerren arabera tiro joko ezagunak PlayStation kontsoletan argitaratzen jarraituko dira, edo, hobeto esanda, oraindik ez dute kontrakorik erabaki.

Gaur arratsaldean abiatuko da epaiketaren hirugarren jardunaldia. Bertan erabakitzen den mandatuaren arabera, Microsoftekoek ezingo dute Activision Blizzard aurreikusitako epean bereganatu; izan ere, 2023ko uztailaren 18a baino lehen erosketa burututa egon behar da.

Horrela ez bada, abuztuaren 2an hasiko da Microsoften zein Activision Blizzard eta FTCaren arteko bigarren bista.