PlayStation 4rako kaleratu dute gaur PlayStation Talents Games Camp egitasmoaren babespean garatu ondoren.

Bilboko rBorn Games garatzaileak bere lehen bideo-jokoa kaleratu du gaur. The Five Covens lanean magiak eta puzzleek bat egingo dute erronkaz betetako abenturan. Fantasiazko Erdi Aroko mundu hau euskaraz gozatzeko aukera edukiko dute jokalariek, obra guztiz euskaratuta argitaratu baita.

The Five Convensen Gaartheko lurretara bidaiatuko dute abenturazaleek. Erreinu honetan azti eta sorginen bost familia bizi dira; bakoitzak bere ahalmen eta aztikeria propioak erabiltzen ditu. Brenda deitutako sorgin gaztea izango da jokoaren protagonista: lebitazioa da neskak menperatzen duen sorginkeria. Kenot bilauak batek ahalmen guztiak kontrolatzeko asmoa dauka, eta hori lortzeko neskatxa bere gaztelura gonbidatuko du. Nola ez, azpikeria hutsa izanik Brenda kartzelaratuko du gazteluko ziegetan.

Gaztelutik ihes egiteko, bere ahalmenak erabili beharko ditu sorgin gazteak: izan ere, objektuak airetik garraiatzeko aukera eskainiko dio lebitazioak. Erronkak eta oztopak gainditzeko balioko dio, baina baita aurkituko dituen etsaiei aurre egiteko ere. Gainera, uneoro bere laguna den beleak lagunduko dio protagonistari. Aurrera egin ahala Kenoten aurka egiteko indartuz joango da Brenda.

Bilbotik, euskaraz

Arduradunek "bideo-jokoen lehen hiru dimentsioko abentura klasikoetara hurreratu" nahi izan dute The Five Covensekin, "gaur egungo jostagarritasunarekin zein ikus-entzunezko atalarekin". Etxeko txikienei zein helduei zuzendutako jokoa dela nabarmendu dute: cartoon estiloko estetika daukan arren adin guztietako publikoa erakartzea bilatzen dute "generoko obra handiak gogora ekartzen dituzten ezaugarriak gehituta".

Izan ere, "garatzaileak izan aurretik kontsumitzaileak izan direla" aldarrikatu dute, eta bideo-joko bat garatzen duten lehen aldia bada ere industria ondo ezagutzen dutela diote. Unity motor grafikoa erabilita garatu dute proiektua. Joan den urtearen hasieran aurkeztu zuten; bideo-jokoa PlayStation Talents Games Camp ekimenaren baitan garatu dute rBorn Gamesekoek.

Garatzaile eta estudio txikiei zuzendutako egitasmo honek PlayStation 4rako bideojoko bat argitaratu ahal izateko laguntzak eskaintzen ditu: Bilboko egoitzan lan egiteko aukera dago horien artean, baita garapen kitak, aholkularitza eta promozio zein marketing kanpainarako diru laguntzak ere. Urtero urri eta azaro bitartean irekitzen dute urte bukaerara arte irauten duen izen emate epea.

The Five Covens PlayStation 4an jokatu daiteke: PS Storean 12,99 euroko prezioarekin merkaturatu dute garatzaileek. Etorkizunean PCrako kaleratzeko asmoa dutela ere adierazi dute bilbotarrek. Esan bezala, abentura euskaraz gozatzeko aukera dago; jokoaren aukeren artean hizkuntza aldatu beharra baino ez dago testuak euskaratuta edukitzeko.

Euskaraz argitaratutako bideo-jokoak ezagutu nahi badituzu, Game Erauntsian horien zerrenda eratu dugu garatzaileek zein komunitateak euskaratutako lanak bilduta.