Martxoaren 26an argitaratuko dute PS4rako eta PCrako; Xbox Oneko erabiltzaileek ekainaren 25era arte itxaron beharko dute jokatzeko.

Remedy Entertainmentek eta 505 Gamesek beraien azken lanaren eduki berriak iragarri dituzte. Control akziozko bideojokoak The Foundation izeneko espantsioa jasoko du.

Espantsioak “sekretu misteriotsuak, ahalmen berriak eta esploratzeko toki gehiago” izango dituela agindu dute jokoaren arduradunek. Antonela Pounder 505 Gameseko Community Managerrak Playstation Blogean argitaratutako testu batean azaldu duenez, abentura berriak “lau eta bost ordu bitarteko iraupena izango du”.

Control iazko abuztuan argitaratu zutenetik “eduki berriak sortzeko lanean buru-belarri” aritu direla azpimarratu du Pounderrek. Espantsioarekin batera eduki gehiago ere argitaratuko dituztela iragarri du. Doako eguneratze baten bidez hainbat aldaketa gehituko dizkiote Controli: maparen funtzionamendua hobetu edota gaitasun puntuak berriz esleitzeko aukera emango dute, besteak beste.

The Foundation espantsioa martxoaren 26an argitaratuko dute PS4rako eta PCrako, Epic Games Store saltokiaren bidez; Xbox Oneko erabiltzaileek ekainaren 25ean jasoko dute espantsioa.

Bigarren espantsio bat ere izango du Controlek. AWE izenekoa, Remedyren Alan Wake obra ospetsuarekin harremana izango duela dirudi.