Abenduaren 8an banatuko dira. Baldur’s Gate 3, Tears of the Kingdom, Spider-Man 2, Super Mario Bros. Wonder, Alan Wake 2 eta Resident Evil 4 daude urteko onenen artean.

Hilabete baino gutxiago geratzen da The Game Awards sarien 2023ko edizioa ikusteko. Geoff Keighley-ren taldeak antolatutako ekimenaren izarrak bideojokoen iragarpenak eta trailerrak dira batzuentzat, baina ardatza sariak direla ahaztu gabe.

Abenduaren 8rako jarri dute hitzordua: 01:30ean hasiko da ekimena. Hori horrela, aurtengo hautagaiak aurkeztu dituzte TGAkoek.

Beti bezala, urteko bideojokorik onenaren sariak harrapatu ditu begirada guztiak. Aurtengoa, gainera, urte benetan oparoa izan da maisulanei dagokienez: hilabete gutxi egon dira AAA nahiz indie joko interesgarririk gabe.

Kategoriarik garrantzitsuenaren hautagaiak ez dute inor harrituko, hala ere: Baldur’s Gate 3, Tears of the Kingdom, Spider-Man 2, Super Mario Bros. Wonder, Alan Wake 2 eta Resident Evil 4 dira TGA 2023ko urteko bideojokorik onenaren garaikurra lor dezaketenak.

Gainerako kategorietan ere aurkituko ditugu aipatutakoak, noski: zuzendaritzarik onena, akzio jokorik onena, plataformak, soinu banda, kirol elektronikoak… zerrenda amaigabea da, egia esan.

Gehien itxaroten ziren bideojokoak kanpoan geratu dira, hori bai: Starfield, Hogwarts Legacy, Diablo IV, Final Fantasy XVI eta Armored Core 6 bezalako lanek ezingo dute TGAkoen saririk handiena irabazi.

Polemika txikia ere egon da, eta behingoagatik pisua daukala esan beharra daukagu. Indie bideojokoen artean Dave the Diver zoragarria dago; ikaragarrizko titulua, bai, baina obra independentearena urrun geratzen zaio. Izan ere, Mintrocket taldearen atzean Nexon enpresa korear erraldoia aurkitzen da. Arduradunek ere argi daukate: Davena ez da indie abentura.

Hautatutako bideojokoak 100 kidez osatutako epaimahaiak erabaki ditu: kazetariek, adituek edo eduki sortzaileek osatzen dute. 2022ko azaroaren 18 eta 2023ko azaroaren 17 bitartean kaleratutako tituluak onartzen dituzte sariek.

Orain, baina, zaleen txanda dator: bozketa fasea abian da, eta edonork parte har dezake. Esteka honetan sartu, eta aurrera! Bitartean, kategoria nagusietako hautagaiak utziko dizkizuegu (askoz gehiago daude!):

2022ko bideojokorik onena

  • Baldur’s Gate 3
  • The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom
  • Marvel’s Spider-Man 2
  • Super Mario Bros. Wonder
  • Alan Wake 2
  • Resident Evil 4

Zuzendaritzarik onena

  • Alan Wake 2
  • Baldur’s Gate 3
  • Marvel’s Spider-Man 2
  • Super Mario Bros. Wonder
  • The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom

Narratibarik onena

  • Alan Wake 2
  • Baldur’s Gate 3
  • Cyberpunk 2077: Phantom Liberty
  • Final Fantasy XVI
  • Marvel’s Spider-Man 2

Musikarik onena

  • Alan Wake 2 (Petri Alanko)
  • Baldur’s Gate 3 (Borislav Slavov)
  • Final Fantasy XVI (Masayoshi Soken)
  • Hi-Fi Rush (Shuichi Kobori)
  • The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom

Indie jokorik onena

  • Cocoon
  • Dave the Diver
  • Dredge
  • Sea of Stars
  • Viewfinder

Akzio eta abenturazko jokorik onena

  • Alan Wake 2
  • Marvel’s Spider-Man 2
  • Resident Evil 4 Remake
  • Star Wars: Jedi Survivor
  • The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom

Rol jokorik onena

  • Baldur’s Gate 3
  • Final Fantasy XVI
  • Lies of P
  • Sea of Stars
  • Starfield

Multijokalari onena

  • Baldur’s Gate 3
  • Diablo 4
  • Party Animals
  • Street Fighter 6
  • Super Mario Bros. Wonder

Gailu mugikorretarako jokorik onena

  • Final Fantasy VII: Ever Crisis
  • Honkai Star Rail
  • Hello Kitty Island Adventure
  • Monster Hunter Now
  • Terra Nil

Gehien esperotako jokoa

  • Final Fantasy VII: Rebirth
  • Hades 2
  • Like a Dragon: Infinite Wealth
  • Star Wars: Outlaws
  • Tekken 8

Aipatu bezala, sari banaketaz gain iragarpenentzako tartea ere egongo da, beti bezala. The Game Awardsek zenbait bideo interesgarri bildu ohi dituzte: aurten, esaterako, Death Stranding 2 berriz ikusiko dugu ziurrenik.

Begirada guztiak FromSoftware-ri begira daude, baina: Elden Ring sarituaren Shadow of the Erdtree espantsioa ikusiko ote dugu lehenengoz? Abenduaren 8ra arte itxaron beharko dugu, hortaz.

 

Game Erauntsia Sariak ahaztu gabe!

The Game Awardsak bideojokoen munduko saririk garrantzitsuenak dira askorentzat… baina ez guretzat. Aurten ere Game Erauntsia sariek errepikatuko dute!

Laster aurkeztuko dugu gure bideojokoen zerrenda, eta bozkatzeko prozesuari ekingo diogu. Adi ibili!