GTA VI sartu dute kategoria desberdinetan, oraindik kaleratu gabe dagoenean. Abenduaren 11n aurkeztuko dituzte sarituak.

The Game Awards sari banaketako 2026ko edizioak izendapenak aurkeztu ditu. Geoff Keighley aurkezleak bideratutako ekimenak kategoria desberdinetako hautagaiak iragarri, eta komunitatearen bozketa fasea abiatu du.

Abenduaren 11n ezagutuko ditugu irabazleak: 01:30ean hasiko den ekitaldi eta zuzeneko berezian jakinaraziko dituzte Los Angeles hiriko Peacock Theater antzokitik.

30 kategoria prestatu dituzte guztira, denetariko alorrak ukituta: ohiko urteko edo akziozko jokorik onenaren hautagaitzak daude, baina indie titulurik onenak, joko desiratuena edo kirolari elektroniko nahiz eduki sortzailerik interesgarrienak ere saritzea bilatzen dute TGAtik.

Aurtengo ezusteko handia —edo ez— Grand Theft Auto VI izan da. Kategoria desberdin mordoan ageri da Rockstar Games-en jokoa. Hori ez da inolako ustekabea, baina bai jokoa kaleratu aurretik dagoeneko izendatuta agertzea; esaterako, iaz Dispatch kanpoan utzi zuten sarien arduradunek, izendapenak iragartzerako orduan jokoaren atal batzuk argitaratu gabe zeudela aldarrikatuta.

Hori alboratuta, urteko jokorik zein indie onenen kategoriak altxorrez beteta daude. The Legend of Zelda: Ocarina of Time berregitea, Control Resonant, Resident Evil Requiem, Mina The Hollower, Mewgenics, Denshattack, Orbitals, Esoteric Ebb, Big Walk, Cairn, Phantom Blade Zero… 2026a urte oparoa izan da, ez dago esan beharrik.

Sarituak ezagutzea interesgarria da; askorentzat, are interesgarriagoa da iragarpenak eta bideoak ikustea. TGA ekimenak aurkezpen bezala ere funtzionatzen du, zuzeneko luzean trailerrak eta orain arte ezagutu gabeko bideojokoak partekatuta. Pasa den urtean, batzuk aipatzearren, Divinity, Control Resonant, Tomb Raider: Catalyst edo Ontos aurkeztu ziren lehenengoz.

Hori esanda, jarraian duzue aurtengo kategoria nagusietako izendapenen zerrenda:

2026ko bideojokorik onena

  • 007 First Light
  • Control Resonant
  • Grand Theft Auto VI
  • Phantom Blade Zero
  • Resident Evil Requiem
  • The Legend of Zelda: Ocarina of Time

Zuzendaritzarik onena

  • Control Resonant
  • Grand Theft Auto VI
  • Phantom Blade Zero
  • Pragmata
  • Resident Evil Requiem

Narratibarik onena

  • 007 First Light
  • Control Resonant
  • Grand Theft Auto VI
  • Resident Evil Requiem
  • The Blood of Dawnwalker

Arte zuzendaritzarik onena

  • Control Resonant
  • Grand Theft Auto VI
  • Mouse: P.I. for Hire
  • Phantom Blade Zero
  • The Legend of Zelda: Ocarina of Time

Musikarik onena

  • Ace Combat 8: Wings of Theve
  • Grand Theft Auto VI
  • Mixtape
  • Phantom Blade Zero
  • The Legend of Zelda: Ocarina of Time

Indie jokorik onena

  • Big Walk
  • Cairn
  • Denshattack!
  • Mewgenics
  • Mina the Hollower

Indie debut-ik onena

  • Dressmaker
  • Esoteric Ebb
  • Orbitals
  • Replaced
  • Silver Pines

Akzio jokorik onena

  • Ace Combat 8: Wings of Theve
  • Gears of War: E-Day
  • Onimusha: Way of the Sword
  • Phantom Blade Zero
  • Saros

Akzio eta abenturazko jokorik onena

  • 007 First Light
  • Control Resonant
  • Grand Theft Auto VI
  • Pragmata
  • Resident Evil Requiem
  • The Legend of Zelda: Ocarina of Time

RPG onena

  • Final Fantasy Resonance
  • Fire Emblem: Fortune’s Weave
  • Monster Hunter Stories 3: Twisted Reflection
  • The Blood of Dawnwalker
  • Trails in the Sky 2nd Chapter

Multijokalari onena

  • Big Walk
  • Call of Duty: Modern Warfare 4
  • Gears of War: E-Day
  • Marathon
  • Mecca Chameleon
  • Orbitals

Gailu mugikorretarako jokorik onena

  • Arknights: Endfield
  • Monster Hunter Outlanders
  • Neverness to Everness
  • Pokémon Champions
  • Where Winds Meet

Gehien esperotako jokoa

  • Fable
  • Final Fantasy VII Revelation
  • God of War: Laufey
  • Resident Evil Veronica
  • The Witcher 4

Bozkatzeko, esteka honetan sar zaitezkete. Abenduaren 10ean bukatuko da epea.

The Game Awards 2026 sari banaketa abenduaren 11n 01:30ean hasiko da. YouTube, Twitch, Facebook, TikTok, X eta Instagram plataformetatik jarraitu ahalko dugu.

 

Game Erauntsia Sariak

The Game Awardsak bideojokoen munduko saririk garrantzitsuenak izan daitezke, bai… baina ez guretzat. Game Erauntsia Sariak jaialdiarekin itzuliko gara aurten ere!

Laster aurkeztuko dugu gure bideojokoen zerrenda, eta bozkatzeko prozesuari ekingo diogu. Adi ibili!