Phoenix Wrighten birraitonaren bi abenturak batuko ditu Capcomek bilduma honetan. PC, PS4 eta Switch plataformetan argitaratuko dute.

Ace Attorney saga ezagunaren jarraitzaileek pozik egoteko arrazoiak dituzte. Orain arte mendebaldean jokatu ezin ziren The Great Ace Attorney jokoen bilduma iragarri du Capcomek: ekainean kaleratuko da The Great Ace Attorney Chronicles.

Nintendo 3DSan eta gailu mugirrekotan japoniarrek ikusitako The Great Ace Attorney: Adventures eta The Great Ace Attorney 2: Resolve batuko ditu Capcomek Chroniclesen. Hauek ohiko protagonista den Phoenix Wright alboratu eta XIX. mendera eramango dituzte jokalariek: bertan Wrighten birraitona Ryunosuke Naruhodoren kontrola hartuta Japonia eta Ingalaterra bisitatuko dituzte.

Guztira hamar kasu desberdin eskainiko dituzte bi jokoek. Ohi bezala hilketa misteriotsuak ikertu eta egia bilatzea izango da helburua, epaiketa zirraragarri zein umoretsuetan parte hartuta. Ikerketa lan aproposa eginda lekukoak galdekatu eta akusazioak egingo dituzte jokalariek. Bi joko hauetan Naruhodok detektibe ezagun baten bertsio umoretsuaren laguntza izango du: Herlock Sholmesena, hain zuzen ere.

Bilduma honek orain arte ikusi gabeko edukiak ere ekarriko ditu. Zortzi kasu labur gehituko ditu Chroniclesek, eta horrez gain protagonistarentzako itxura bereziak ere erabili ahalko dira. Jokoaren artea ikusi eta soinu banda entzuteko aukera ere eskainiko dute menutik; ez hori bakarrik, animaziozko filmeak ere ikusi ahalko dira jokoan, japonierazko zein ingelerazko bikoizketarekin.

The Great Ace Attorney Chronicles PC, Switch eta PS4ra (PS5erako euskarriarekin) iritsiko da ekainaren 27an.