Zonbiak, tiroketak eta zeharkatu beharreko etxe misteriotsua dakartza SEGA-ren klasikoak.

90eko hamarkadan arkade areto gehienetan aurki zitekeen tiro jokoa zen The House of the Dead. Frankiziak hainbat bideojoko eduki ditu ordu hartatik: azkena 2018an estreinatutako Scarlet Dawn. Hala ere, sagaren erroetara itzultzea erabaki dute lehenengo jokoaren remakearekinApirilaren 7an Nintendo-ren kontsola hibridora iritsiko dela iragarri dute.

Jatorrizko jokoez arduratu zen SEGA japoniarra alboratuko dute oraingoan, baina: MegaPixel estudioa arduratu da zonbien abentura garatzeaz, eta Forever Entertainment argitaletxeak banatuko du; garatzaileak Panzer Dragoon maitatuaren remakeaz arduratu ziren orain bi urte. Hori bai, 1996ko klasikoaren jostagarritasuna mantenduko du eraberritze honek.

Hori horrela, zonbiak eta tiroketa mordoa ikusiko ditugu The House of the Deaden remakean. Errailen gaineko tiro jokoa da; hau da, pertsonaiek bakarrik egingo dute aurrera. Gure lana pantailan agertzen den izaki oro akatzea izango da. Curien etxeko misterioa argitu beharko dugu hainbat mailetan zehar gero eta munstro beldurgarrien aurka eginda.

Bi jokalarirentzako partidak mantenduko dituztela agindu dute MegaPixelekoek; horrez gain, hainbat amaiera desberdin, pertsonaien zein etsaien arte galeria, argazkiak ateratzeko aukera eta gehiago nabarmentzen dituzte.

Switcheko bertsioaz gain ordenagailuetarako port-ean lan egiten ari dira, baina ez dute honi buruzko xehetasunik eskaini.

The House of the Dead Remake apirilaren 7an kaleratuko da Nintendo Switchean.