The Last Campfire Hello Games-ek 2021ean argitaratutako bideojokoa dugu. Jokalari bakarrarentzako pentsatua dagoen abentura da. Esplorazioa eta puzzleak uztartzen dituen lan honek PC (Windows), Xbox, PlayStation 4, Nintendo Switch eta iOS plataformetarako bertsioak dauzka.
Bideojokoak urdinez jantzita doan Ember pertsonaiaren azalean kokatzen du jokalaria, bere espezieko beste izakiak ere “ember” bezala izendatzen ditu narratzaileak, maiuskula erabili gabe, hori dela eta lotura bat ezartzen da izakion eta txingar hitzaren esanahiaren artean.
Hasierako zinematikak egoeraren kokapena egiten du: txalupak erabiliz urez gainezka dagoen tenpluaren barnetik taldean doan ember bat bere bidetik desbideratzen da. Toki berrira heltzerakoan bere bidea egiten hasten da eta jokalariak kontrolatuko duen Ember ikusten du. Urdinez jantzitako protagonista esnatzen hasten dela ikustean ihes egingo du gorriz jantzitako ember galduak. Ember kontrolatuz hasiko du jokalariak abentura, bere inguruan zabaltzen den mundua ezagutzeko.
Erronkaz beteriko mundua begi aurrean
The Last Campfirek paisaia ederrak eskaintzen ditu, bizi-bizirik dagoen natura eta antzinako monumentu zein teknologiaren arrastoak ageri dira bidaia osoan. Baso ederrak zeharkatuko ditu, sarritan lanbroz estalita dauden zingirak eta aspaldiko asmakizunez betetako kobazuloak beste zenbaiten artean.
Artelan honi estetika ederra eta bakezalea dario, aipatutako ikusmira miresgarriei marrazketa estilo xalo zein atsegingarria gehitzen zaielarik. Ibilbide osoan zehar ez da indarkeriaren erabilerarik egingo, pertsonaia jakinen batek noizbait mehatxu tonua erabiliko badu ere. Orokorrean, aurrera egiteko besteen zein bere arazoei eta zailtasunei irtenbidea bilatzen saiatuko da Ember; horrela, jende gaztearekin jolasteko bideojoko apropos bezala aurkezten da The Last Campfire.
Laburbilduta, bideojokoak bi zeregin mota jartzen dizkigu begi aurrean: alde batetik, Emberrek aurrera egin behar du eta horretarako puzzle batzuei irtenbidea aurkitu beharko zaie. Beste zenbait kasutan beharrezkoak diren zenbait material aurkitu beharko dira. Edozein unetan ikus daitezke eskuratu diren objektu garrantzitsuak, zalantzarik gabe erabileraren bat edo beste izango dutenak.
Gune garrantzitsu bakoitzean kanpaleku bat aurkituko du protagonistak eta bertan sua bizirik mantentzeko toki bat. Hauetako batera heltzean Emberren arbaso baten arima agertuko da eta gomendioak eskainiko dizkio protagonistari. Leku garrantzitsu hauen inguruan beste ember batzuk aurkituko ditugu “forlorn” bezala izendatuak. Hauek tristeziaz betetako ember itxaropengabe bakartiak dira, Emberrek honelako bat aurkitu eta ikutzean den-dena ilunduko da eta ondoren buruhausgarri berezi bat agertuko da.
Puzzlea gainditzean Emberrek goibeldutako ember horren “txingar” urdina ukitzea lortuko du, bere arima bere jatorrizko egoerara bueltaraziz. Tristetutako emberrak beraien horretara bueltatzen diren heinean dagokien kanpalekuko suaren ingurura joango dira. Kanpaleku bakoitzean gutxieneko lagun kopuru bat askatu beharko da malenkoniaren atzaparretatik, hau lortutakoan, kanpalekuko suan bizi den mamu zaharrak ate berezi bat irekiko du Ember hurrengo kokaleku nagusirantz abia dadin.
Hasieran aipatu bezala, jokoaren mami nagusia guneak esploratzean eta buruhausgarriak ebaztean datza. Emberrek zeharkatuko dituen tokiek pentsatzea eskatzen dute, aurrera jarraitu, objektu garrantzitsuak lortu zein harri bihurtutako kide arima-ilunduengana heltzeko. Horrez gain, lantzean behin beste bidaiari baten mezuak aurkituko ditugu, hauek orokorrean ezkutatuta egon ohi dira eta nahiko zaila izan daiteke 42 aleak lortzea.
Pertsonaia eta erronka ahaztezinak
Emberrek egindako bidaian askotariko pertsonaiak ezagutuko ditu. Zenbait ember egoera arruntean daude, beraien zereginetan dabiltza eta ez dute protagonistaren laguntzarik behar; hauekin hitz egin daiteke eta zenbait kasuetan baita informazio interesgarria lortu ere. Beste kasu batzuetan, Emberren laguntza nahi ez duten emberrak ere aurkituko ditugu, hauek “harri bihurtuta” jarraitu nahiko dute eta Emberrek beraien nahia errespetatuko du. Aurrera egin ahala, jokalariak gorriz jantzita doan emberra zelatan duela ikusi ahal izango du, beti pauso bat aurretik eta une horretan heltzea ezinekoa den tokietatik begira, beste behin ihes egin baino lehen. Kanpalekuko suan bizi den antzinako arimak Basoko Erregea ere aipatuko du eta istorioan nahikoa murgilduz gero, hau ere ezagutzeko aukera egongo da.
The Last Campfire ez da pertsonaia askoko edo testu handiko bideojokoa, baina aipatutakoek zein beste batzuek beraien agerraldia egingo dute eta garrantzizkoek argi utziko dituzte beraien izaeraren ezaugarri nagusiak.
Jokoaren zukua suposatzen duten puzzleak mota desberdinetakoak dira: batzuetan, ember goibelduaren txingarra eraman beharko da toki batetik bestera hau haizearen indarrez desagertzea saihestuz, zenbaitetan argiarekin eta honen izpien isladarekin jokatu beharko da. Beste batzuetan, mekanismoak modu jakin batzuetan erabili behar izango dira… Istorioaren une jakin batean tresna berezi bat aurkituko du, ingeleraz “Lanthorn” bezala aurkezten da, eta euskaraz esku-argi eta soinua jotzeko adar baten arteko nahasketa dela esan daiteke. Gailu honek metalezkoak diren objektuak urrutitik mugiarazteko ahalmena ematen dio bere jabeari. Oso baliagarria suertatuko da eta zenbait buruhausgarriri erantzuna emateko berebizikoa izango da.
Puzzleen zailtasuna aldakorra da, hasierako batzuk nahiko sinpleak dira eta mekanika batzuen aurkezpen erara agertzen dira. Ondoren zailtzen joango dira eta hauetako batzuek erronka interesgarria suposatuko dute jokalariaren pentsatzeko eraren arabera. Hala ere, orokorrean guztiontzat pentsatutako puzzleak dira eta baten batekin zailtasunak izan arren jokalarien gehiengoak buruhausgarrien gehiengoa konpondu ahalko ditu. Hau dela eta, ez da buruhausgarrien maitaleentzat soilik egindako artelana, baina seguraski hauek The Last Campfire gozatu egingo dute, zeinbait froga errazegiak irudituko zaizkien arren.
Bideojokoak estetika polita eta gozoa du oro har, baina bere testuak, zuzenean ez bada ere, serioagoa den gai batez mintzatzen dira. Lan honetan emakumezko ahotsa duen narratzaileak bere ekarpena egiten dio, jokoak dauzkan testu guztiak ahoskatzen ditu. Hautatutako tonu gazteak, kasu batzuetan inozentziaren alde positiboa islatzen duen ezaugarria ematen dio, bereziki, Emberri. Istorioaren amaierarantz mezuek izaera kriptikoa mantenduko dute baina jokalari askorentzat hunkigarria izan daitekeen esanahia azaleratuko da.
Erraztasunak eskaintzen dituen lan txukuna
The Last Campfirek zenbait erraztasun eskaintzen ditu zailtasunak izatekotan. Kanpalekuetan ez da erabat beharrezkoa kideen arima guztiak askatzea, gutxieneko kopuru batera helduz gero nahikoa da. Gainera, oraindik tristetuta dagoen kideren bat aurkitzeko zailtasunak agertzen badira, antzinako arbasoaren mamu etereoak jarraibideren bat ematen du laguntza moduan. Arima goibelen bat askatzen zailtasunak agertzen badira, bere gorputza berriz ukituz gero mundu arruntera bueltazen da jokua berriz, erronka hori geroko utzi eta beste batzuk askatzen saiatzeko. Aukera hau baliagarria da baita puzzle hasierako egoerara bueltarazi nahi denean, kasu batzuetan, horrek asko lagun baitezake.
Azaldutako modu normalaz gain, esplorazio modua aukera daiteke jolasten hasterakoan. Esan bezala, modu normalean ez da beharrezkoa puzzle guzti-guztiak burutzea. Esplorazio modua erabiltzen bada, ia puzzle guztiak burutu gabe egin ahal izango da aurrera.
Bideojokoak aurkitutako kideen buruhausgarrietara laburbidea eskaintzen du menu orokorreko “Puzzleak” atalean. Horrez gain, jokoaren garapen arruntean agertzen ez diren beste lau puzzle gehitzen ditu, nahi denean jolasteko. Aukera hau, esplorazio modua zein modu normala hautatu, beti egongo da eskuragarri.
Orokorrean kritika onak jasotako artelana da, narratiboki sinplea, bigarren zentzu interesgarriago bat eman diezaiokeen esanahi baten inguruan eraikita dagoelarik. Estetikoki zuzena da, begientzat erakargarria den mundu polit bat aurkezten digulako. Adin tarte desberdinei eskainitako produktua da, bere langa bakarra buruhausgarrien zailtasuna delako.
Aurkeztutako puzzleen aukeraketak ere zuzena ematen du behetik hasi eta zailtzen doalako, estilo desberdineko frogak tartekatuz. Honek, narratzailea eta puzzleen menua bezalako ezaguarriekin batuta, lan txukun eta duin bezala aurkezten digu The Last Campfire.
Iruzkinak