Oraindik garapeneko lehen faseetan omen daude: frankizia hedatzeko istorioak izango dira.
Neil Druckmann Naughty Dog estudioko arduradunak The Last of Us frankiziaren proiektu berriak aurkeztu ditu. Zehazki, bi ekoizpen prestatzen dabiltza Kaliforniako bulegoetan.
The Last of Us Day 2026 ekimenari amaiera emateko iragarpena izan da. Ez dira zehaztu proiektuok bideojokoak izango diren: “Proiektu berri zirraragarri pare bat ditugu garapen egoera goiztiarrean” dio, Druckmannek. “Hori dela eta, ezin dezaket askorik aurreratu une honetan. Bi proiektuok The Last of Usen testuingurua hedatuko dutela aurreratu diezazueket”.
Aspalditik prestatu nahian dabiltzan lana ei da, The Last of Usen munduan istorio berriak kontatzeko aukerari buruz “Grounded II dokumentala prestatu zutenetik” hitz egin dutela aitatuta; arduradunak argi utzi du “istorio hauek kontatzeak merezi duela” uste dutela.
Intergalactic ikusteko zain
Apokalipsi ondorengo mundua ez da Naughty Dogekoek nabarmendutako bakarra izan. 2024ko abenduran aurkeztutako Intergalactic: The Heretic Prophet-i buruz ere mintzatu da Druckmann, oraindik denbora falta zaiola adierazteko: 2027an erakutsiko dute “osorik”.
“Badakigu denbora luzea igaro dela, eta zuokin partekatzeko asko daukagu”. Hori esanda, taldekoak gogor lanean omen dabiltza, baina, oraingoz, “pixkat gehiagoz kozinatzen” jarraitu behar dute: “Aurten isilpean lanean jarraituko dugu. 2027an, hori aldatu egingo da. Intergalactic: The Heretic Prophet osorik iragarriko dugu, Jordan-en abentura basatia ganoraz erakusteko”.
Zientzia fikziozko tituluan sari ehiztari intergalaktiko bilakatuko dira jokalariak, Sempiria planeta misteriotsuan barneratuta. PlayStation 5eko esklusiboa izango da.
Lander Unzueta
Iruzkinak