Datorren urteko udaberrian kaleratzeko asmoa agertu du Eiji Aonuma zuzendariak.

Nintendo-k esku artean daukan titulurik garrantzitsuena datorren urtera arte berandutu da. Kiotokoek jakitera eman dutenez, The Legend of Zelda: Breath of The Wild arrakastatsuaren jarraipena 2023an kaleratzeko erabakia hartu dute.

2022an merkaturatzeko asmoa zeukaten japoniarrek: horrela adierazi zieten inbertsoreei azken finantzan txostenean. Eiji Aonuma jokoaren zuzendariak zehaztu duenez, 2023ko udaberrian argitaratu nahi dute orain; hortaz, gutxienez martxora arte itxaron beharko dugu Link-en abentura berriaz gozatzeko.

Bideo bidez eman du berria Aonumak. “Aurten kaleratzea espero zenuten guztiei barkamena eskatu nahi diegu”, adierazi du bertan. Bideojokoak eskaini dezakeena benetan berezia izan dadin garatzaile taldea gogor lanean ari dela aipatzen du garatzaile beteranoak; hortaz, jokoa handitzeko eta fintzeko helburuarekin atzeratu dutela pentsa daiteke.

Nintendo Switch-arekin batera estreinatu zen bideojokoaren jarraipenean akzioa zerura igaroko da. Aurreko trailerretan ikusi dugunez, Hyrule-ko erreinuaren zeruetan hainbat irla hegalari agertuko dira. Linkek botere berriak eskuratuko ditu, nola ez; aurreko atalaren askatasuna mantendu nahi dutela dirudi mekanika berrien bidez. Bideoan irudi berriak ikus daitezke: nabarmentzekoa da puskatutako Master Sword-a.

The Legend of Zelda: Breath of The Wild 2023ko udaberrian estreinatuko da Switchean.