The Legend of Zelda sagaren meme edo txantxa ohikoena, Link Zeldarekin nahastea izan da. Tontakeria dirudi, baina, logikoa da, tituluak protagonistaren izena eramaten ez duela kontuan hartzen badugu. Nor da Zelda, orduan? Salbatu behar dugun printzesa, noski. Sagaren bideojoko gehienetan errepikatzen den gauza. Eta, horrek, beste galdera batera eramaten gaitu, agian erabakigarriagoa, nork sortzen du kondaira? Errealitatean, noren kondaira da?
Dena den, azkenean Zelda bere kondaira propioa sortzeko heldu da, The Legend of Zelda: Echoes of Wisdom bideojokoarekin. Hasierako eszena batek hala erakusten du, Zelda, sartuta dagoen oskol magikotik irteteko gai da, sagak iraun duen ia 40 urte hauetan zehar, atxikituta egon balitz bezala. Handik aurrera, Zeldak, protagonista bezala, bere lehenengo abentura biziko du.
Bazen garaia Zeldaren abentura bat bizitzeko.
Abentura berri honetan Zeldak Hyrule osoan zehar ireki diren zulo edo arrail ilun eta misteriotsu batzuk ikertu beharko ditu, edozein espazio eta izaki desagerrarazten dituztenak. Hori gutxi balitz, munstroak ere agertzen hasi dira. Baina arrail hauek ikertzeko ez da bakarrik egongo, eta, Breath of the Wild nahiz Tears of the Kingdom bideojokoen bakardadearen ondoren, bideojoko honetan laguntzailea bueltatzen da. Kasu honetan izaki hori eta biribil batek lagunduko dio, Tri deitutakoa. Izaki bitxi honen bitartez, Zeldak abilezia berriak bereganatuko ditu.
Aipatu beharra dago, Echoes of Wisdom ez dela Breath of the Wild (BotW) eta Tears of the Kingdom (TotK) bezain handia, ezta handinahikoa. Bere izaerak Nintendoren kontsola eramangarrietan argitaratzen joan diren The Legend of Zelda-ekin antzekotasun handiagoak dauzka. Hala eta guztiz ere, hau aipatzen dudanean, argi utzi behar da ez nagoela kalitateari buruz hitz egiten, baizik eta eskalari buruz. Azken bi Zelda handiek, mekanikoki nahiz sistemikoki maila oso altua jarri dute, baina bideojoko txikiagoak etxe honetan ere ondo jasotzen dira, eta Echoes of Wisdom honek mekanika oso interesgarriak ditu.
Zeldak ikasiko duen lehen abilezia erreplikak egitea da. Lortzen dugun makila baten bitartez, objektuen nahiz etsaien erreplikak sor daitezke. Horretarako, lehenengo makilarekin objektua edo etsaia erregistratu beharko da. Objektuak erregistratzeko alboan jarri beharko gara; etsaien kasuan, aldiz, lehenengo garaitu beharko ditugu.
Erregistroa egin ondoren, edozein momentutan erreplika bat agerrarazi ahal izango da. Baina erreplika bakoitzak balio bat dauka, triangelu baten bidez adierazita. Horrek momentu orotan estrategia bat pentsatzera eramaten gaitu: egoera bakoitzean zeintzuk diren objektu edo izaki lagungarrienak baloratu beharko dugu. Noski, erreplika gehiago agerrarazteko gaitasuna handitu ahalko da.
Bideojokoak eskaintzen dituen abileziak hobeto ulertzeko.
Hala ere, ez pentsatu une guztietan estrategia konplexu bat burutuko dugunik. Bideojokoan aurrera egin ahala, jokalari bakoitzak bere objektu eta etsai gogokoenak izango ditu, argi dagoelako batzuk lagungarriagoak direla, eta horrek esperimentazioa alde batera utz dezake.
Erreplikak oso baliagarriak ez direnean edo gure pazientzia agortu denean, Zelda klasikoetara bueltatu ahalko gara. Hau da, Zeldak, denbora mugatu batez, Linken abileziak bereganatu ahalko ditu: ezpata, ezkutua, arkua eta bonbak. Horren bidez, etsaiak jo eta garaitu ahalko ditugu, baina esan bezala, abilezia hau mugatua da. Denbora zehatz batean bakarrik erabili ahal izango dugu. Kargatzeko energium deitutako material edo partikula batzuk bildu beharko ditugu.
Baina Echoes of Wisdom ez da horrekin konformatzen, Zeldak hirugarren abilezia bat du. Makila eta Triren bitartez, objektuak eta etsaiak mugitzeko gai da. Orokorrean, puzzleak ebazteko eta leku berrietara heltzeko balio du, baina etsaien kontra ere lagungarria izan daiteke. Horrez gain, abilezia honen bidez izakien edo objektuen mugimenduak ere imita daitezke.
Hainbat egoera konpontzeko abileziak konbinatzea gomendagarria da.
Mekanika hauek nahiko moldagarriak dira, eta, BotW-en nahiz TotK-en gertatzen zen bezala, egoera bat burutzeko aukera anitzak egon daitezke. Neurri batean, bi bideojoko hauek sagaren barruan ireki zuten bidea jarraitzen du. Gainera, baditu bi bideojoko hauen beste elementu batzuk, argiena interfazea da, ia zuzenean Breath of the Wild-etik aterata dagoena. Are garrantzitsuagoa da bideojoko honen estruktura, hemen bai bere anai nagusietatik apur bat aldentzen dela.
The Legend of Zelda batzuetan gertatzen zen bezala, bideojokoa bi zatitan banatuta dago. Lehenengo orduetan bi lekutara joatea gomendatuko digute. Hori bai, bi leku hauetara joateko ez dago ordena zehatzik. Ondoren, lehenengo zati hori osatu eta gero, beste leku batzuetara joateko gai izango gara. Hau misio nagusiari dagokionez, ze orokorrean, jokalari bakoitzak Hyrule bere erritmora esploratu ahalko du.
Mundu txikiago bat izanik, esplorazioa berehalakoa da, eta, agian, ez du mundu handiago baten inpaktua. Baina aurkikuntzak eta sariak gogobetegarriak izaten jarraitzen dute. Horri errepliken sistema erantsi behar diogu, ze etsai bat gainditzearen saria, etsaia beraren erreplika lortzea da.
Adibidez, badaude munduan zehar, leku zehatz batzuetan, etsai berezi batzuk, euren erreplikak lortu ditzakegunak. Bestalde, edariak egiteko materialak, bizitza handitzeko bihotz zatiak eta ezpata hobetzeko nahiz bere denbora neurgailua luzatzeko materialak aurkitu ahalko ditugu. Baina agian interesgarriagoak dira munduan zehar aurki ditzakegun ziega txikiak, guztiz hautazkoak eta azken nagusi bereziekin.
Ziega nagusiei dagokionez, bideojoko honetan ez dira faltako. Zelda klasikoen espiritua berreskuratzen dute, baina, kasu honetan, beste mundu edo espazio alternatibo batean kokatzen dira. Ez dut aipatu Zelda eta Tri erresuman zehar sortu diren arrailetan sar daitezkeela. Arrail hauen barruan, arrailak xurgatutako Hyrulen zatiak aurkituko ditugu. Kontzeptualki, apur bat Pokemon Platinum bideojokoaren Distorsion World gogorarazten dit. Dena den, mundu huts honetan, hala deitzen dio bideojokoak, Triren kideak bilatu beharko ditugu. Arrail horretan harrapatuta dauden lagun guztiak aurkitzean, arraila ixteko gai izango dira.
Ziegetara bueltatuz, aipatu denez, hauek mundu hutsean soilik aurkitu daitezke. Ziegetan, Zelda guztietan bezala, giltzak, puzzleak eta etsaiak daude. Orokorrean nahiko linealak dira, eta esperientzia apur bat izanda, ez dute erronka handirik suposatzen. Ez dira ziega gogoangarrienak, baina gozagarriak dira. Azken bideojoko hauekin, ziegen diseinua baino, munduaren esplorazioa da indartu duten ezaugarria.
Mundu hutsa
Sagan berriak ez bagara, Hyrulen jada ezagutzen ditugun ohiko lekuak esploratuko ditugu. Gerudo arraza bizi den basamortua, Zora arrazaren erreinua, Heriotzaren Mendia, Hyrulen gaztelua… Beste leku askoren artean. Hainbat motatako pertsonaiekin topo egingo dugu eta askok laguntza beharko dute. Baina, Zeldak, Linkek bezala, ez du hitzik esango, eta euren eskaerak entzutera mugatu beharko gara. Hautazko misioak ugariak dira. Asko erreplika bat erakustean edo material bat ematean oinarritzen dira, baina badaude beste batzuk garatuago daudenak, eta munduaren nahiz pertsonaien testuinguru gehiago eransten dituztenak.
Nahiz eta lehen aldiz protagonista ezberdin bat eduki, goitik behera The Legend of Zelda bat da. Baina bestelako aldaketak daude, ze aipatu behar da bideojoko hau ez duela Nintendoren talde nagusiak garatzen. Grezzo da konpainia garatzailea. Grezzo, batez ere, berregiteetan espezializatu da. Bereak dira Nintendo 3DS-rako argitaratu ziren Ocarina of Time eta Majora’s Mask bideojokoen berregiteak. Nintendo Switch kontsolarako The Legend of Zelda baten beste berregite bat egin zuten, Link’s Awakening bideojokoarena. Hemen bai, atal bisualak aldaketa handia jasan zuen. Badirudi azken berregite hau oinarri bezala hartu nahi izan zutela, Echoes of Wisdom estetikoki nahiz bisualki nahiko antzekoa delako. Eta, agian, omenaldi bezala, Link’s Awakening-ek zituen 2Dko atalak ere erantsi dituzte. Echoes of Wisdom-en gainera, ugariagoak direnak.
Esan dudanez, mundu irekiko The Legend of Zelda-k itxaropen berriak ezarri dituzte. Baina Echoes of Wisdom Zelda klasikoen oinarrira bueltatu da, BotW eta TotK bideojokoek zituzten elementu batzuk alde batera utzi gabe. Adibidez, errepliken mekanikaren bitartez, egoera bakoitza era oso ezberdinetan gainditu daiteke. Sistemek aukera anitzak eskaintzen dituzte.
Grezzo estudioaren lehenengo The Legend of Zelda originalak The Legend of Zelda batean aurki ditzakegun elementu guztiak dauzka. Iragana eta orainaldia kontuan hartuz, sagaren bideojoko eramangarri onenak gogorarazten ditu. Badirudi azkenean, Zelda bere kondaira sortzen hasi dela.
Iruzkinak