Azaroaren 5ean estreinatuko da maisulanaren berregitea Switch 2 kontsolan.

The Legend of Zelda: Ocarina of Time berregitearen estreinaldirako prestatzen hasia da Nintendo, promozio kanpaina abiatuta. Aurkezpen bideo orokorrarekin Hyrule mundu eraberritua eta bertan aurkituko ditugun berritasunak aditzera eman dituzte.

Hildako arerioen aretoa (Hall of Fallen Foes) izeneko gunea da berrikuntza handietako bat. Abenturan zehar aurkituko eta garaituko ditugun izakiak eta munstroak ageri dira bertan, estatua gisa. Hauei buruzko informazioa eta azalpenak eskainiko dizkigute, baita non ageriko diren azaldu ere. Gainditutako buruzagien aurkako borrokak errepikatzeko txokoa izango da, bukatzeko, hauek ahalik eta lasterren garaitzea proposatuta.

Okarina jotzerakoan ikusiko ditugun berrikuntzak ere aipatu dituzte berriro egileek. Benetako okarina jota zein jokoko kantak abestuta jo ahalko ditugu Link heroiaren maitagarri zein denboraren okarinak. Bizitza kalitate hobekuntza ugari ikusiko ditugu, gainera: garrantzitsuena, ziurrenik, burdinazko botak menura sartu gabe janzteko ahalmena izango da, Uraren tenpluko erronkak bizkortzeko.

Salto egitea, igerian bizkorragoa izatea… Oinarriak bere horretan mantenduko badira ere, denetariko aldaketa txikiak ikusiko ditugu Ocarina of Timen. Denboraren heroiaren abenturako lehen pausoak azaltzen dira trailerrean, Kokiri basoa, Hyrule zelaiak, zitadelako merkatua edo tenplu zein ziega desberdinak erakutsita, zaharberritutako itxura aurkezten baitu berregiteak.

Bi aste baino ez dira geratzen: The Legend of Zelda: Ocarina of Time azaroaren 5ean kaleratuko du Nintendok Switch 2 kontsolan.