Lehen jokagarritasun bideoa erakutsi du Link gaztearen abentura klasikoak. Sagaren 40. urteurrenean 1998ko obra maitatuaren berregitean ardaztu dira Nintendo-koak.
Nintendok The Legend of Zelda: Ocarina of Time eraberritua azaroaren 5ean kaleratuko dela aditzera eman du. Aldi berean, lehenengoz mugimenduan erakutsi du The Legend of Zelda 40th Anniversary Direct emanaldian.
1998. urtean Nintendo 64 kontsolan kaleratutako maisulana osorik berregin dute Switch 2 kontsolan. Jokagarritasun orokorra mantentzea erabaki dute, azken Breath of the Wild edo Tears of the Kingdom ataletan proposatutako erabateko askatasunetik aldenduta, atal grafikoa zeharo zaharberritzeko.
Jokagarritasun bideo luzea jokoaren lehen ingurunetik abiatu dute: Kokiri basotik, hain zuzen. Link gaztearekin basoko Kokiri bizilagunak ezagutu, erosketetan ibili, eta, ostean, Deku arbola handiaren barnean barneratu da, lehen ziega nahiz puzzleak aditzera emateko. Bizitza kalitate hobekuntza nabarmenak prestatu badituzte ere —adibidez, nahi bezala jauzi egiteko aukerarekin—, oinarriak berberak dira.
Ocarina jotzerakoan, esaterako, gure ahotsa entzun dezake, abestiak abesteko aukerarekin; gainera, mugikorreko aplikazioarekin ere jo ditzakegu. Kamera askea ikusiko dugu oraingoan, N64aren palanka bakarreko muga atzean utzita: apuntatzerakoan ere askatasun osoa edukiko dugu, sagaren azken jokoetan ikusi bezala.
Hyrule zelaiak, zitadela, Lon Lon arrantxoa, Goron hiria zein beste hainbat txoko ikusi ditugu berreginda. Eskala orokorra ere mantendu dutela dirudi, baina ez da gauza bera gertatzen estetikarekin: pertsonaien zein inguruneen diseinuak erabat aldatu dituzte, zaleek maitatuko edo gorrotatuko duten zerbait.
Zuzenekoaren amaieran, gainera, trailer osoa aurkeztu dute, Link gaztearekin batera itxura heldua ikusi ahal izateko, baita Zelda, Ganondorf eta beste hainbat adiskideren zein munstroren diseinu berriak aditzera emanik. Tartean, Switch 2 edizio berezia, erronkak eskainiko dituen mugirreko aplikazioa, amiibo figurak zein benetako ocarina instrumentua aurkeztu dituzte sagaren Eiji Aonuma eta Hidemaro Fujibayashi ekoizleek.
Switch 2 kontsolan azaroaren 5etik aurrera jokatu ahalko da The Legend of Zelda: Ocarina of Time berregitean.
Lander Unzueta
Iruzkinak