Nintendo-ren sagako hasierarik oparotsuena bizi du Switch-eko azken atalak: Japoniako zazpigarren estreinaldirik handiena izan da.

Zaleek zein adituek argi zeukaten The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom benetan arrakastatsua izango zela. Hala eta guztiz ere, marka guztiak hausten dabil Nintendokoen lana: hamar milioi joko baino gehiago saldu dira nazioartean maiatzaren 12aren eta 15aren artean.

Hori horrela, Link eta Zelda heroien abenturen hasierarik errentagarriena ikusten dabiltza Kiotokoak. Saga osotik lehen egunetan salmentarik onenak lortu dituen atala da TotK desiratua. Ez hori bakarrik: Nintendokoek jakitera eman dutenez, Europan merkaturatutako Nintendo gailu guztien artean estreinaldian gehien saldu duen jokoa da.

Nintendo Europatik pozik agertu dira lortutako arrakastarengatik. “Bere zazpigarren urtean Nintendo Switchak indartsu jarraitzen du, marka guztiak hautsi dituen estreinaldi honek erakusten duen modura”, adierazi du Stephan Bole NE-ko presidenteak.

Japoniara begira jarriz gero, eguzkiaren sorrera ematen den herrialdeko bideojokoen historiako zazpigarren estreinaldirik handiena dugu erresumaren malkoena, 2,2 milioi ale salduta.

Lehen postuetan aurkitzen direnak ere Switcheko tituluak dira: Pokémon Scarlet eta Violet (4 milioi), Splatoon 3 (3,4 milioi) eta Animal Crossing: New Horizons (2,6 milioi). Nazioartean sekulako indarra duen arren, Zelda ez da inoiz jokalari japoniarren gustukoena izan.

Hala eta guztiz ere, prentsaren zein zaleen eskutik balorazio bikainak lortuz hasi du bere ibilbidea Tears of the Kingdomek: lehen analisiekin Opencritic bezalako webguneetan 97ko batez bestekoa eskuratuta, historiako bideojokorik onenen artean txoko bat egin du azken Zelda honek.

Hyrule-ko erresuma suntsitura itzuliko gara berriz TotKen: Breath of the Wild-en jarraipen zuzena izanik, pertsonaiek, herrixkek eta gune orokorrek errepikatuko dute, baita mekanikek eta oinarriek ere. Dena dela, berritasun esanguratsuekin dator bigarren jokoa; esaterako, objektu berriak nahierara sortzeko ahalmena.