Kaze Emanuar mod sortzaileak The Legend of Zelda: Ocarina of Timen oinarri, mekanika eta elementuak hartu eta joko guzti berria eratu du The Missing Linkekin. Rom hack honek orain arte mundu horretan ikusitako guztia maila desberdin batera eraman du N64ko klasikoaren jarraitzaileek gozatzeko moduko abentura eratuta.

Nintendo 64an kaleratutako The Legend of Zelda: Ocarina of Time ezagunak bideo-jokoak aro berri batera eramatea lortu zuen. Shigeru Miyamoto zuzendariak sagaren funtsezko oinarri eta mekanikak hiru dimentsiotako mundura lekualdatu zituen bideo-jokoen zale askorentzat istoriako abenturarik onena dena sortzeko.

Nire lehenengo Zelda izan zen abentura hau. Bideo-jokoak jorratzen zituzten aldizkariak irakurtzeko ohitura izanda, 1998an ohikoena Ocarina of Time behin eta berriz aurkitzea zen. “Inoizko bideo-jokorik handiena” izango zenak zale guztien arreta erakartzea lortzen zuen, eta ez zen harritzekoa. Miyamoto eta bere taldeak bi urte eta erdi inguru eman zituen proiektua garatzen; gaur egun normala den epea garai hartan amaigabea zen. Aldizkarietan ikusitako irudiak txunditzekoak ziren, eta ordura arteko mundurik handiena eta biziena prestatu zutela ikus zitekeen.

Agindutako guztia betetzea lortu zuten Nintendokoek. Linken abentura ikaragarria zen, iraultzailea. Hiru dimentsiotan sortutako erreinu erraldoia, pertsonaia eta munstro mordoa, gainditu beharreko 11 ziega, soinu banda zoragarria… Zelda batek eduki beharreko guztia zeukan, maila berri batera eramatea lortuta: anaiaren lagunek utzitako kartutxora gelditu gabe aritu nintzen gaztetxotan, beste hainbat bezala.

Jarraitzaileek klasiko hau bizirik mantendu eta aldi berean elementu berriak gehitzeko ahaleginak egin izan dituzte 1998ko abenturaren eskeletoa hartuta. Horien artean da Kaze Emanuar mod sortzaile ezaguna. Kaze N64 kontsolako jokoak hartu eta horiekin rom hack deitutakoak sortzen aditua da. Hau da, Super Mario 64 bezalako lanak oinarritzat hartuta joko berriak garatu ditu alemaniarrak. Hori jokoaren elementuak eta mekanikak hartuta egiten du: dagoeneko sortuta dagoen lanaz baliatzen da joko berriak garatzeko.

Asko proiektu txikiak izan dira: jatorrizko Super Mario Bros. abentura hiru dimentsioetara eramaten duen Super Mario Bros. 64 sortu zuen modderrak, esate baterako. Hala ere, N64ko rom hack handienetako batzuen arduraduna ere bada Kaze: Mariorekin jarraituta Super Mario 64: The Last Impact sortu zuen, baina baita Ocarina of Time oinarritzat hartzen duen The Legend of Zelda: The Missing Link ere.

Kazek mod sortzaileen talde txiki batekin sortutako abentura honen behin betiko bertsioa 2020ko ekainean kaleratu zuen. Hortik hilabete batzuetara Nintendok, ohi bezala, rom hack honen Githubeko orrialdea ezabatzea lortu zuen egile-eskubideak urratzen zituela argudiatuta. Enpresa japoniarraren ohiko mugimendua da, eta halako proiektu handiak zen lan txikiagoak sareetatik ezabatzen saiatu izan da azken urteetan.

Ocarina eta Majoraren arteko lotura galdua

Ocarina of Timen eta bere jarraipen Majora’s Masken azaldutako istorioa batzen duen abentura dugu The Missing Link. Lehenengoan Ganon garaitu eta Hyrule salbatu osteko unean hartuko dugu Linken kontrola. Berriz haurtzarora itzulita Navi bere lagun lehiala galdu duela konturatuko da. Horren ondorioz denboraren heroiak Kokiri basora bueltatzea erabakitzen du. Bertara iristerakoan Kokiriko bizilagunek dituzten maitagarriak lapurtuko ditu deabru batek.

Maitagarri horiek salbatu eta bide batez Navi aurkitzea izango dira Linken helburu nagusiak. Kazek sortutako abenturak OoT-ren mekanika nagusi berberak mantentzen ditu; halere, han eta hemen berritasunak eta aldaketa txikiak nabarituko dituzte Zeldaren zaleek.

Berritasunik nabarmenena kokalekuetan ikusiko dugu. The Missing Linken aurkeztutako mundua zerotik sortua da. Aipatu bezala Kokiri basoan hasiko dugu abentura, baina hori ere berregindakoa da rom hack honetarako. Hortik aurrera Deep Woods, Monktown Valley eta Hollow Root Keep bezalako guneak bisitatuko ditugu.

Zelda The Missing Link

Horiek sortzerakoan egindako lana benetan aipagarria da, eta elementu batzuk zaleek egindakoak direla nabari daitezkeen arren, Nintendoren jatorrizko lanetik oso hurbil daude uneoro. Zilegitasun hori lortzeko ingurugiro berriek Ocarina edo Majoran ikusitakoekin antzekotasun handiak dituzte: Kokiri eta Dekuen jauregia gogora ekartzen dituzten baso zein herrixkak eratu dituzte, eta rom hack honek daukan ziega bakarrak OoT-ko lehen ziegan ikusitakoa gogorarazten du. Aldez aurretik ikusitako tokietatik urruntzeko ahalegina ere egin du Kazek: Monktown Valley basamortuko girotzea daukan herrixka misteriotsua da.

Hyruleko edo Terminako zelaien moduko gune zabal eta handiak egin beharrean leku estu eta linealak batzen ditu The Missing Linkek. Aurrera egiteko puzzleak gainditu eta objektu bereziak eskuratu beharko ditugu, esplorazioa alde batera utzita eta abentura sinpleagoa eginda. Jokoaren alde jokatzen du horrek: berritasun erraldoiak gaineratu beharrean lan txikia, baina azkarra eta interesgarria eratu baitute. Halako proiektua aurrera eramatea zaila da berez, eta askotan garatzaileek funtzionatzen ez duten elementu ikusgarriak prestatzen saiatzen dira obraren kalterako.

Berritasunekin, baina funtsezkoa mantenduz

Mekanikek ildo hori jarraitzen dute. Nintendo 64ko Zeldatan ikusitako mugimendu eta ahalmen berberak izango ditugu, eta erabiltzeko dauden objektuen kopurua ohikoa baino urriagoa da. Deku intxaurrak eta makilak, okarina eta botilak izango ditugu eskura. Jatorrizko jokoetan oso gutxi erabiltzen ziren bombchuei aukera berria ematea erabaki du Kazek, eta horien inguruan prestatutako hainbat erronkekin topo egingo dugu. Untxiaren kapela ere eskuratuko du Linkek: Majora’s Masken gertatu bezala azkarrago korrika egiteko balio du, baina baita askoz ere jauzi luzeagoak egiteko ere, une batzuetan aurrera egiteko beharrezko objektuan bilakatuz modu horretara.

Kazek sortutako abenturak OoT-ren mekanika nagusi berberak mantentzen ditu; halere, han eta hemen berritasunak eta aldaketa txikiak nabarituko dituzte Zeldaren zaleek.

Bi item guztiz berri eskuratuko ditugu abentura honetan. Lehenengoak Ocarinan eta Majoran ikusi ez genuen Zeldaren mekanika ezagun bat berreskuratzen du: bizitza barra beteta daukagunean ezpatarekin izpi magikoak jaurtitzeko ahalmena. Urrutitik erasotzeko aukera emateaz gain puzzle batzuk gainditzeko ezinbestekoa egingo zaigu.

Bestalde, harea-erlojua dago. Jaurtitzerakoan Link aurreko hamar segundoetan egon den lekura bueltatuko da, inguruko munduak bere horretan jarraitzen duen bitartean. Erabilera sinple horrekin Zelda baterako objetu benetan interesgarria sortu dute arduradunek; erronka errazak eratu beharrean konponbidea aurkitzeko egin beharrekoak ondo pentsatu beharko ditugu gainera puzzle hauetan. Tamalez erlojua jokoaren azken uneetan lortuko dugu, beraz oso erabilera urria izango du gehikuntza bikain honek. Pena da, abentura hasieran eskuratzea oso interesgarria izango baitzen.

Aipatutako guztia Nintendoren 64 biteko kontsolaren zaleentzako amets hutsa den arren, bere akatsak ere baditu jokoak. Hasteko etsaien aniztasun urria aipatu beharra dago. Ez hori bakarrik, horien kontra egitea zaila eta nekagarria egin zait. Keese saguzar mordoa ikusiko ditugu adibidez, bihotzak kentzen trebezia handia dutenak. Ezpata motzarekin ez da erraza izango horiek akatzea, eta hegan aritzeaz gain ikusteko zailak direnez eraso bat baino gehiago jasoko ditugu ustekabean. Abenturan bihotz kopuru txikia izango dugu gainera, beraz kolpe bakoitza igarri egingo da.

Zelda: The Missing Link2

Gauza bera gertatzen da abenturarako prestatu duten etsai nagusi berriarekin. Borrokarako ideia oso ona da, baina arerio honen aurka egitea desesperatzeko modukoa da eta jasoko ditugun kolpe asko ez dira batere bidezkoak izango. Borrokalekuaren tamainak ere ez du laguntzen, behar baino gehiagotan errepikatu dudan etsaia bihurtuta azkenean.

Hollow Root Keep ziegak ideia oso onak dauzka, baina baita arazo nabarmenak ere. Bertan galtzea oso erraza da antzeko gela eta korridoreen ondorioz; mapa eta iparorratzarekin azkar konpontzeko arazoa izan behar zen, baina bi hauek ziega gainditu aurreko uneetan eskuratuko ditugu, erabaki zuzena hasieran ematea zenean. Bueltaka ibiltzea derrigorrezkoa den erronka batean jokalaria gidatzeko arrastoak ematea ezinbestekoa da.

Zaleengandik, zaleentzat

Soinu banda derrigorrez aipatu beharrekoa da. Kokaleku bakoitzak bere abesti propioak ditu, eta Koji Kondo maisuaren mailara iristen ez diren arren, Nintendoren konpositore ezagunaren partiturak hartu eta doinu berri baina ezagunak prestatu dituzte proiektuan parte hartu duten musikagile desberdinek. Horrela Nintendo 64ko jokoetan egon zitezkeen abestiak entzungo ditugu abenturan zehar. Soinu banda osoa Kazeren youtubeko kanalean entzungai dago.

Berritasun erraldoiak gaineratu beharrean lan txikia, baina azkarra eta interesgarria eratu dute.

Ia lau orduko partidan The Missing Link goitik behera gainditzea lortu dut. Iraupen motza duen lana da beraz, baina aproposa dela esango nuke. Kazek erabaki zuzena hartu du abentura laburra egiterakoan, luzatuz gero proiektuak norabidea galduko zuen-eta. Jatorrizko jokoetan gutxi erabilitako mekanikei aukera berria emanda eta abilezia berriak gehituta Nintendok bere garaian egindako lanen jarraipen txukuna egitea lortu du, zaleek arratsalde batean gozatzeko bezalakoa.

Emulatzaileekin jokatzeaz gain benetako Nintendo 64 batean jokatu ahal izateko ahaleginak egin dituzte gainera. Askotan rom hack bat garatzeakoan kontsolak erreproduzitu ezin ditzakeen elementuak sartzen dituzte, baina oraingo honetan jatorrizko makinan aritzeko jokoa prestatu dute. Hori bai, romak txertatzeko kartutxo berezia behar da horretarako. Horren proiektu handia izateko ez dut akatsik aurkitu; zaleek garatutako antzeko proiektuetan ez da arraroa izaten akats txikiekin topo egitea, beraz The Missing Linkekin egin duten lan ederraren erakusgarri bezala balio du.

Ocarina of Time eta Majora’s Maskengandik urrun geratzen da, baina nabarmentzeko saiakera egitea lortu dute The Missing Linken lan egin duten zaleek. Nintendo 64ko klasiko horiekin hazi bazara benetan interesgarria egingo zaizu abentura hau. Bere akatsekin disfrutatzeko joko aipagarria egin dute Kaze eta bere taldeak.