400 bat jarraitzaileren finantzaketari esker garatu du Brainwash Gang garatzaileak egunerokotasun arrunta isladatuko duen jokoa.

Pixel art abentura berezia iritsiko da PC eta gailu mugikorretara datorren hilabetean. Maiatzaren 20an kaleratuko da Brainwash Gang estudioaren The Longest Road on Earth obra; garatzaileen artean dago Arturo Monedero bilbotarra.

Jokoaren asmoa “eguneroko bizitza eta ohiturak irudikatzea” izango daBertan pertsonen arteko harremanak lantzen dituzten lau istorio desberdinetan parte hartuko dute jokalariek. The Longest Road on Earthen ez da akatzeko areriorik edo jauzi egiteko amildegirik egongo: inolako erronkarik gabeko lana izango da, mekanika sinpleen bitartez hausnarketa eta begiespena sustatu nahian.

Horretarako atal estetiko ederra eta soinu banda lasai zein mamitsua erabiliko ditu abenturak. Bideo-jokoaren munduan animalia antropomorfikoak izango dira protagonistak, baina xehetasunez betetako kokalekuak ere oso esanguratsuak izango dira istorioak eratzerako orduan.

Bideo-jokoa Kickstarterreko kanpaina bidez finantzatu zuten Brainwashekoek: 400 mezenas inguru izan zituzten, guztira 11.045 euro bilduta jokoa garatzeko. Horren ondoren Raw Fury indie jokoen argitaletxe eta banatzaile suediarrarekin akordioa adostu zuten The Longest Road on Earth argitaratzeko.

Brainwash Gang estudio madrildarra izan arren 2019ko Fun & Serious Game Festival ekimen bilbotarrean Euskal Bideojokorik Onenaren Saria eskuratu zuen. 

The Longest Road on Earth PCrako estreinatuko da Steam bidez, baita Android zein iOS gailu mugikorretarako.