Claymation teknikarekin sortutako mundu eroan galduko gara. Errealitate birtualeko kaskoekin joka daiteke.
MoonHood estudioak The Midnight Walk interesgarriaren argitaratze data aditzera eman du State of Play aurkezpenean: PlayStation 5 nahiz PC bertsioak maiatzaren 8an merkaturatuko dituzte.
Ez baduzue ezagutzen, PlayStationen azken emanaldietan sarritan agertu den beldurrezko abentura itxurosoa dugu. Berezitasunik esanguratsuena atal estetikoaren aldetik dator: claymation teknikaren bidez buztinez sortutako mundua eta pertsonaiak ezagutuko ditugu. Irudien segundoko tasa baxuarekin batera, The Nightmare Before Christmas bezalako filmeak gogorarazten ditu.
Lehen pertsonako ikuspegiarekin borrokak eta puzzleak aurkituko dituzte jokalariek beldurrezko obra honetan. Izakiengandik ihesean eta ezkutatzen ibili beharko garela dirudi, baina tiro joko mekanikak ere ikusiko ditugu. Poxpoloa eskuan hartuta suari lotutako puzzleak egongo direla ikus daiteke, baita: izaki txiki batekin batera bidaiatuko dugu, eta hau babestea tokatuko zaigu.
Pantaila arruntetan jokatzeaz gain, errealitate birtualera egokituta egongo da The Midnight Walk. PS VR2 kaskoekin zein PCko antzeko hainbat gailurekin —Meta Quest, Valve Index edo Rift kaskoak aipatzen dira— bizi ditzakegu esperientzia beldurgarriak.
Maiatzaren 8an merkaturatuko da The Midnight Walk PS5ean zein PCan.
Iruzkinak