Gogoko al dituzu ipuinetako abenturak? Zer gertatuko litzateke liburuetako pertsonaiak bertatik irten eta gure mundura etorriko balira? Kontzeptu horiekin jolasean The Plucky Squire bideojokoak proposamen jostagarria aurkezten digu.
Kasu honetan euskaldunok beste kontu eder bat daukagu ospatzeko: Josu Igoa erabiltzaileak jokoaren itzulpena egin du eta testua euskaraz gozatzeko aukera paregabea jarri digu eskuragarri. Hemen daukazue euskaratzea aplikatzeko jarraibideak ematen dituen web orrialdea.
Abenturaren testua euskaraz gozatzeko aukera ederra daukagu oraingoan.
Bi mundu eta hainbat ikusmira
The Plucky Squirek ahots interesgarridun narratzailea ezagutarazten digu hasieratik. Gizonezkoak istorioaren hastapenean kokatzen gaitu, eta, ahots gozo bat erabiliz, mundu interesgarrian murgiltzen gaitu. Hala ere, kontuan hartu behar da narratzaileak ez duela idatzizko testu osoa irakurriko, istorioaren atal garrantzitsuenak soilik.
Abentura eder honek Jot izeneko ezkutari ausartaren azalean jartzen gaitu. Mojo izeneko lurraldea babesteko beharrezkoa den oro egiteko prest dago Jot; gainera, idazteko trebezia ere badauka. Protagonistaren pasadizoek gehienetan Petraltzar izeneko azti maltzurraren aurka borrokatzera daramate. Ezkutari kementsuak beti garaitzen du azti gaiztoa, eta gertatutakoa liburuetan idazten du. Hori dela eta, Mojoko biztanleek biziki maite dituzte Jotek bizi eta idatzitako abenturak. Herrikideak oso irakurle leialak izateaz gain, oso lagun onak dira. Lurralde osoa bake egoera lasai batean bizi da orokorrean.
Abenturan zehar sarritan egingo dugu jauzi liburuaren barnera zein kanpora.
Jotek hainbat kide dauzka, eta bakoitzak moduren batean edo bestean lagunduko dio. Hasteko, Ilargibizar daukagu, azti nagusia eta horren laguntzailea den Pip izeneko sagutxoa. Joten haurtzaroko lagunak ere ezagutuko ditugu eta hauek gure bidelagun nagusi bilakatuko dira: azti izateko ikasketak egiten ari den Violet eta musikarako dohain bereziak dituen Trash izeneko mendi-trolla.
Petraltzarrek magia berezi bat garatu du ezkutari ausarta liburutik kanporatu eta behingoz garaipena erdiesteko.
Jot idazle fina da, lehen esan dugun moduan, baina borrokan aritzerakoan ere iaioa dugu ezkutaria. Ezpataz erasotzen du eta behar izanez gero, hau jaurtitzeko gai da. Ezpata itzul dadila ere egin dezake, bumeran bat balitz bezala, joanekoetan zein etorrietan arerioak kolpatzeko aproposa da. Ondoren, eraso gehiago ikasiko ditu eta etsaien artean dagoen aniztasunak borroka entretenigarriak ekarriko ditu.
Hondartzan erasotu bezain laster ezkutatzen diren arerioak aurkituko ditugu.
The Plucky Squirek pertsonaiei goitik begiratzen dien ikusmira erabiltzen du orokorrean, baina ez erabat horien gainean dagoena. Kamera, toki garai batean kokatuta egon arren, alde batetik begira egon ohi da. Ikuskera hau ez da berria eta hainbeste bideojokotan izan da erabilia. Hala ere, itxura estetiko klasikoa erabilita, hasieran sinplea dirudien mundu interesgarria erakutsiko digu.
Efektu azpimarragarria gertatzen da liburutik irtetean, irudiek hiru dimentsioko bolumena hartzen baitute.
Interesgarria iruditu zait garatzaileek toki jakin batzuetan kamerari ezarri dioten aldaketa. Kasu jakin batzuetan, kamera pertsonaiaren ondoan jartzen da, eta bideojokoak estilo klasikodun itxura sinpleagoa hartzen du. Ingelesez “side-scroller” terminoaz ezagutzen den ikuspegi horrekin egindako pasarte laburrek aberastasuna ematen diotela deritzot.
Aldamenetik begiratzen duen kamerak jostagarritasun sinple ta azkarra emate dio bideojokoari
Jokoaren zenbait kapitulu nahiko laburrak dira eta lehenak jokalaria mekaniketara ohitzen joateko erabiltzen dira. Bigarren kapituluaren amaierarantz, gutxi gora-behera, aldagai berria sartuko digu jokoak: liburutik irtetea. Bai, ondo irakurri duzu, Petraltzar azti maltzurrak zera deskubritu du, lurraldeko pertsonaia guztiak liburu baten barneko pertsonaiak direla. Joten aurka borrokatu eta beti galtzeaz kokoteraino, Petraltzarrek magia berezi bat garatu du ezkutari ausarta liburutik kanporatu eta behingoz garaipena erdiesteko.
Baina gure borrokalari kementsuak ez du etsiko, eta liburura itzultzea lortuko du. Ordutik aurrera liburuan zein kanpoan jarraituko du bere istorioak. Efektu azpimarragarria gertatzen da liburutik irtetean, irudiek hiru dimentsioko bolumena hartzen baitute. Horrekin, bideojokoak bi munduak uztartzen ditu eta The Plucky Squireri ezaugarri berezi bat eransten zaio.
Batzuetan, jokatzen dugun bitartean istorioaren narrazioa gertatuko da.
Ikusmirekin jarraituz, baina maila askoz apalagoan, batzuetan jadanik aipatu ez direnak ere erabiltzen ditu bideojokoak: lehen pertsonako kamerak edo hirugarren pertsonakoak diren ikuskera bereziak. Horiek protagonistaren barne-barnean edo oso hurbil kokatzen dute jokalaria. Mekanika berezidun ataza jakinetarako bakarrik erabiltzen dira eta minijoko izaera dute. Atal hauek bideojokoari hasieran espero ez den gatza eta piperra gehitzen diotela pentsatzen dut. Gerotxoago azalduko dut hauen jostagarritasuna.
Hasieran orrialde berean egingo ditugu hitz-trukaketak, gero orrialde ezberdinen arteko trukaketak egin beharko ditugu.
Nire aburuz, jokoak esfortzu argia egiten du jokalariaren arreta bereganatzen jarraitzearren. Ikuspegi aldaketak norabide horretan bideratutako zerbait dira, baina ez dira erabilitako baliabide bakarra. Jokalariak egin beharreko zeregin desberdinen artean ere oreka lortzeko ahalegina sumatzen zaio. Batzuetan Jotek borroka egin beharko du Petraltzarren morroien aurka, zenbaitetan kutxak mugitu beharko ditu liburuan zein mundu errealean eta beste batzuetan hitzekin jokatu beharko du liburu barneko errealitatea aldatzeko.
Ilargibizar aztiaren bertsio txikiak liburutik kanpo gaudenean ere lagunduko digu.
Bai, ondo irakurri duzu, batzuetan esaldiak aurkituko ditugu liburuan idatzita, ingurugiroan dauden gauzei erreferentzia egiten dietenak. Adibidez, “Atea itxita zegoen” esaldia aurki dezakegu eta “itxita” hitzak distira berezia duela ikusi. Hitz horri kolpe bat jo eta bertatik aterako dugu. Beste esaldi batean “irekita” hitz distiratsu bat aurkitzen badugu, hitz hori esaldiz aldatu ahal izango dugu, eta atea benetan irekiko da.
The Plucky Squire osagaiak gehitzen joango da. Hasieran orrialde berean egingo ditugu hitz-trukaketak, gero orrialde ezberdinen arteko trukaketak egin beharko ditugu, eta konturatu orduko, orrialdeak altxatzen aurkituko dugu geure burua, barruan dauden gauzak alde batera edo bestera eror daitezen!
Mojo lurraldearen erdigunean Artia izeneko hiriburu koloretsua dago.
Liburuaren barruko zein kanpoko errealitateak elkarrekin nahastuko dira, une jakin batzuetan, efektu optiko bereziak azaleratuz. Batzuetan, liburutik kanpo bilatu beharko ditugu objektu berezi batzuk, gaitasun edo erabilera bitxiak izango dituztenak. Berez alor desberdinetakoak diren hainbat gauza modu ederrean josteko gai izan da All Possible Futures garatzaile taldea, nire aburuz.
The Plucky Squirek beste bideojoko mota batzuetatik datozela diruditen atalak aurkezten dizkigu.
Sorpresa jarioa buka ez dadin, eta pastelaren gainean jartzeko marrubi gisa, The Plucky Squirek beste bideojoko mota batzuetatik datozela diruditen atalak aurkezten dizkigu. Arestian aipatu dudan kamera eredu desberdinak erabiltzen dituzten jokoaren atalei buruz ari naiz. Horietan jokatzeko estiloa aldatzen da, eta, sarritan, alde estetikoa ere bai.
Etsai nagusi bati aurre egiteko edo zeregin bitxiren bat gauzatzeko bideratzen ditu jokoak. Abenturan zehar hau ez da askotan gertatuko, baina ongi etorria zein aberasgarria da. Ez dut egoera hauetako askorik azaleratu nahi, baina jadanik esanda dudan bezala, jokoaren jostagarritasunaren aniztasunari gehigarri polita eransten diotela pentsatzen dut.
Ikusmira berezidun lehen borroka boxeo-saio ikusgarria dugu.
Maitasunez sortutako abentura koloretsua
Abenturan zehar txanpon gisa balio duten bonbillak aurkituko ditugu. Noizean behin aurkituko dugun dendatxoan borrokarako hobekuntzak eta bestelakoak erosi ahal izango ditugu: jauzi ondorengo ezpata-erasoa, gure inguruan erasotzen duen ezpata-erasoa, ezpata jaurtitzeko abileziarentzako hobekuntza…
Abenturan zehar ezkutatuta egoten diren zenbait objektu batzeko aukera izango dugu. Alde batetik hegazti txiki batzuk daude. Bestetik, papiro kiribilduak, hauek garatzaileek bideojokoa garatzerakoan jarraitutako prozesuari buruzko informazioa ematen dute. Irudi eta idatzizko informazioek garapenaren datu interesgarriak helarazten dizkiote jokalariari, nahi izatekotan. Horiek ere itzuli ditu Josu Igoak.
Zenbait tokitan estetika bitxi eta interesgarriak aurkituko ditugu, Trarrg izeneko mendian esaterako.
Artistikoki bere lana modu oso txukunean gauzatu duen bideojokoa dela deritzot. Nire iritziz, estetika da jokoaren zutabe garrantzitsuenetako bat, modu sinplean agertzen zaigunean ere, ondo neurtu dutela deritzodalako. Liburu barruko mundua itxuraz sinplea da, baina bere eran, polita eta erakargarria ere bai.
Batzuetan liburutik kanpo bilatu beharko ditugu objektu berezi batzuk gaitasun edo erabilera bitxiak izango dituztenak.
Aukeratutako unibertsoak bere barne-logika mantentzen du, eta liburuan ikusitakoak sinesgarria den transformazioa erakusten du errealitatera salto egitean. Errealitatea adierazten duen munduak izaera autentikoa du, eta liburukoari osagai desberdin eta berritzaileak eransteko baliatu dutela uste dut. Pertsonalki gozagarria iruditu zait Jotek eskuan zerbait daramala liburutik irtetean objektu honen 3D aldaera ikustea. Izan ere, bideojokoa iragarri zutenean hainbat erabiltzaile erakarri zituen osagaia hauxe izan zen, liburuko eta honen kanpoko munduen bateratzea.
Papiro kiribilduak batzean informazio interesgarrien berri jasoko dugu, jokoa nola sortu zuten ulertzeko.
Aipamen berezi bat egin behar zaio jokoari bideojokoen erabiltzaile gaztetxoei dagokienean. The Plucky Squirek ezpataren erabilera daukan arren, ez da odolik ez indarkeria zantzu handiegirik agertzen. Orokorrean, adin jakin batetik aurrera arazorik gabe erabili daitekeen bideojokoa dugula pentsatzen dut. Gainera, akzioa testuen irakurketa eta aldaketekin nahasten du eta hainbeste jenderi ondo etorriko zaigula deritzot. Gainera, oraindik irakurtzerakoan abiadura lantzen ari diren gaztetxoek eskertuko dute batzuetan narratzailearen laguntza.
Liburuaren barruko zein kanpoko errealitateak elkarrekin nahastuko dira une jakin batzuetan efektu optiko bereziak azaleratuz.
Zailtasunari dagokionez, elementu berriak banan-banan sartzen ditu, eta buru-hausgarriekin trabatuta geratzearen arriskua nahikotxo murriztu dute (batzuen gusturako gehiegi, agian).
Hasieran esan bezala, ekarpen ederra da honelako bideojoko bat euskaraz goza daitezkeenen zerrendara gehituta ikustea. Batez ere gaztetxoenek ere goza dezaketen artelana dela jakinda. Heldu eta gazteek batera bizi dezaketen abentura oso interesgarria izan daitekeela da nire aburua.
Zenbait unetan narratzaileak protagonismoa hartzen du, horretarako, liburu-formatua baliatzen du.
Estetikoki erakargarria den abentura-ipuina dugu The Plucky Squire. Bi munduren artean jauzika eramango gaituen istorio alai eta koloretsua dugu. Borrokak, hitzekin jolastea eta bestelako erronka txikiak aurkeztuko dizkigu. Gazteek jokatzeko modukoa da eta gainera euskaraz gozatzeko aukera daukagu. Bideojokoaren iraupena bederatzi ordu ingurukoa da, eta Steamen gaur egun duen iruzkin positiboen batez bestea, % 83.
Erlazionatutako edukiak:
Ezkutari Ausart euskalduna gure artera iritsi da!
Iruzkinak