Until Dawn-en arduradunak 2K Games-ekin batu dira hurrengo proiektua sortzeko. Ekainaren 10ean kaleratuko dute.

Supermassive Games estudioak Until Dawn bideojokoarekin hasitako ibilbidearekin jarraitzen dute. Formula hori errepikatuko dute The Quarry interesgarriarekin: Hollywood-eko slasher erako filmak inspirazio iturritzat hartuko dituen beldurrezko titulua izango da.

Hackett’s Quarry udalekuetako monitoreak izango dira abenturako protagonistak. Udalekuak bukatuta, azken gaua bakarrik emango dute; nola ez, iluntze berezi hori ez da uste bezain ederra izango: odolez betetako bizilagunen jazarpenaz gain, beste mota bateko izakien presentzia nabariko dute.

Bederatzi monitoreen kontrola hartuta, erabakiak hartzea izango da gure erronka. Zeintzuk izango diren zuzenak? Ezingo dugu jakin, eta hartutakoen ondorioak bizi beharko ditugu. Modu horretara, helmuga desberdinak dituen istorio zabala eratu nahi dute Supermassivekoek, Unitl Dawn arrakastatsuarekin egin bezala 2015ean.

Beste batez benetako aktoreen zerrenda luzea lortu dute protagonistei bizia emateko: beldurrezko filmeetako David Arquette eta Lin Shaye beteranoekin batera izango dira Justice Smith edo Ariel Winter, besteak beste.

Ez da garatzaileak sortzen ari diren joko bakarra: The Devil in Me izeneko The Dark Pictures serieko laugarren atala garatzen ari dira The Quarryrekin batera.

The Quarry laster estreinatuko da: ekainaren 10ean merkaturatuko dute 2K Games argitaletxearen babespean. PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One kontsoletan zein ordenagailuetan kaleratuko da.