PCrako baino ez dute iragarri oraingoz. Evil Empire eta Ubisoft taldeen elkarlana aurretiazko sarbidean joka daiteke iaztik.

Evil Empire garatzaileak The Rogue Prince of Persiaren behin betiko bertsioa abuztuan kaleratuko dela iragarri du.

PC Gaming Show aurkezpenean erakutsi dutenez, oraingoz ordenagailuko bertsioa baino ez dute aipatu; hala eta guztiz ere, etorkizunean kontsoletan ikustea espero da.

2024ko maiatzean hasi zuen aurretiazko sarbidearen ibilbidea The Rogue Prince of Persiak. Dead Cells-en sortzaileek roguelike metroidvania abentura eratzeari ekin zioten, oraingoan PoP originalaren girotzea nahiz mekanikak hartuta; horrela, plataformek eta akrobaziek berebiziko garrantzia daukate.

Partida bakoitza ezer gutxirekin hasiko du gure printzeak. Aurrera egin ahala armak, abileziak eta objektuak eskuratuko ditu, bioma desberdinetan barneratuz etsaiei, oztopoei zein buruzagiei aurre egiteko. Bizitza galtzerakoan, suposatzen duzun bezala, berpiztu, eta hasierara itzuliko gara.

Balorazio bikainak jaso ditu early access fasean aurkitzen den tituluak. Hasiera batetik goraipatua, azken hilabeteotan denetariko edukiak gehitzen dizkion eguneratzeak estreinatu ditu: biomak, armak, abileziak, etsaiak, atal grafikorako hobekuntzak, musika…

1.0 bertsioarekin ere antzekoa gertatuko dela aurreratu digute egileek. Bi bioma gaineratzea geratzen zaiela diote, gutxienez: amaierako atalarena izango litzatekeena, eta beste gehigarri bat. Bukaeran, noski, azken etsai nagusi zitala aurkituko dugu, baina bidean etsaiak zein armak txertatuko dituzte.

Egun zehatza ezagutzea geratzen da, baina The Rogue Prince of Persia abuztuan iritsiko da 1.0 bertsioarekin.