Abentura bitxi zein maitatuko mundua “dramatikoki handitu” dute garatzaileek bertsio berri honetan.

Crows Crows Crows estudioak The Stanley Parable arrakastatsuaren bertsio eraberrituaren argitaratze data zehaztu du azkenik: hainbat atzerapenen ostean, apirilaren 27an estreinatuko da Ultra Deluxe edizioa. PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Switch plataformetara iritsiko da.

Egoera, hizketaldi eta kokaleku berriak prestatu dituzte jatorriz 2013an merkaturatutako abentura honetarako. Modu horretara, Stanleyren mundua “dramatikoki handitu” dutela azpimarratzen dute arduradunek: aukera zein sekretu ezezagunak ikusiko dituzte jokalariek.

The Stanley Parable zu jokatzen zaituen bideojokoa dela esan daiteke. Bulego bateko langilearen kontrola hartuko dugu bertan: misterio bat argitzea izango da edukiko dugun helburua, gure pausoak gidatuko dituen narratzailearekin batera arituz. “Ez zaude hemen irabazteko”, diote garatzaileek… eta horrela izango da.

Ultra Deluxe 2018an iragarri zen, 2019an kaleratzeko aurreikuspenarekin. Hasiera batean jatorrizko jokoa kontsoletara moldatzeko asmoa zutela diote arduradunek; hala ere, denborarekin edizio berriaren aukerak areagotzen joan dira. Jokoan lan egin ahala gero eta gehiago berotzen joan direla diote sortzaileek: “Eratu nahi genuena zehazki zer den lan egiten joan ahala ikasi dugu”. Hori horrela, proiektua hiru aldiz atzeratu dute.

Ez da harritzekoa, itxuraz gehitutako elementu berrien gidoia joko originalarena baino luzeagoa baita. Beraz, jatorrizko obrara jokatu zutenek ezusteko mordoa aurkituko dute hemen.

Zorionez, orain emandako data azkena izango dela dirudi. Apirilaren 27an ikusiko dugu The Stanley Parable: Ultra Deluxe.