Urteak eta urteak Dark Soulsera jolasten eman ondoren, orain dela pare bat hilabete behingoz lehen jokoa bukatzea lortu nuen estres eta hasarrealdi askoren ondoren, baina haserre guzti horien atzean zoriontasun ikaragarria sentitzen nuen. Beste joko batzuetara jolasten hasi eta nire buruarentzat pentsatu nuen, nik ez bezala jendeak bukatuta izango zituela sagako joko guztiak. Beraz, ordenagailuan eseri eta souls estiloko jokoen bila hasi nintzen gomendio txiki bat egin ahal izateko benetan beharrean dauden jokalariei. Bila ari nintzela, gaur erakutsiko dizuedan jokoa aurkitu nuen, Lords Of The Fallen famatua egin zutenek eskeinia: The Surge.
The Surge, etorkizunean girotutako akziozko rol joko bat da, nire hitzetan esanda, Dark Souls futurista bat. Gure protagonista, Warren, lurrean agertzen da jokoaren hasieran, konortea galdurik. Puntu horretatik aurrera Souls jokoek egin duten bezala ez dugu nondik joan esango digun pista handiegirik izango eta gure bidearen bila jardun beharko dugu. Mapari eta inguruari dagokionez oso ondo eraikitako joko bat da, dena konektatuta dagoen arren, aurrera eta atzera ibili beharko garelako jokoan aurrera egiteko, aspaldi atzean utzitako eremuei ere garrantzia emanez. Horrez gain, Dark Soulsen moduan, baditu bidezidor batzuk jokoaren hasierako estaziora itzuli eta bertan armak eta armadurak sortu edo hobetzeko.
Borrokari eta jokatzeko estiloari dagokionez ere, Dark Soulsek erabiltzen dituen mekanika antzekoak ditu. Gure aurkarien mekanikak pixka bat kontrolatu beharko ditugu haiei nola aurre egin ezagutzeko, edo bestela beraien erasoak blokeatzen saia gaitezke. Aurkari horiek akabatzean objetuak lor ditzakegu ondoren armak eta armadurak sortzeko, eta horretarako oso puntu interesgarria du jokoak. Objetuen planoak (objektuak plano bidez sortu behar dira eta) lortzeko, aurkarien gorputz-atal ezberdinak enfokatu beharko ditugu, eta haien gainean konboren bat egiten saiatu. Mekanika garrantzitsuenen artean txatarrarena ikus dezakegu. Txatarra Dark Soulsen arima dena bezalakoa da, eta behin hilda berrire ere hil zaren lekuraino itzuli beharko zara txatarraren bila, jokoa interesgarriagoa eginez.
Borrokaren mekanikekin jarraituaz, azpimarratu beharra dut Souls sagara ohitua bazaude hastea agian pixka bat kostako zaizula borroka estilo pixka bat geldoa izan dezakelako hasieran, baina laster konturatuko zara geldotasun horren barruan frenetismo pixka bat sartzen asmatu dutela. Lords Of The Fallen jokoaren akats nagusienetakoa borrokak oso geldoak izatea zen, eta The Surgen ederki asmatu dute arazo hori konpontzen eta jokoari frenetismo pixka bat erantsi diote hainbat mekanika eta animazio erabiliz.
Borrokarekin jarraituz, nagusien aurkakoak dira guztietan interesgarrienak. Dark Soulsen gertatzen zen bezala, pazientziarik ez duten jokalariak jokoa beraien erritmora ohitu behar dela uste dute, eta The Surgen garbi uzten da ez dela horrela. 20.saiakeran konturatzen hasten zara burua pixka bat erabili izan bazenu askoz ere azkarrago garaitu ahal izango zenuela, eta eskertzekoa da jokalariari burua mugiaraztea.
Santifikatze guzti horren ondoren zati negatibo bat ere badu joko honek. Egia da jokoak gidatzen ez gaituen arren, eremu asko nibel faltak mugatu egiten dituela, eta horrek pixka bat ateratzen zaitu esperientziatik, azken finean, ez delako oso gustagarria X mailakoa izan behar zarela ikustea eremu berri batera sartzeko. Nola ez, horretaz gain esan beharra dago jokalari batzuei zailtasun maila pixka bat absurdoa egin zaiela eta ez direla ohitu ekarri duen formulara. Baina bueno, orokorrean oso joko entretenigarria dela esango nuke, benetan merezi duena.
Bueno ba, hementxe duzue beste souls bat iristen den bitartean jolastea merezi duen joko bat, etorkizunean girotua eta ahoan haserre pixka baten ondoren irribarre txiki bat sortuko dizuna. Benetan, orain arte ikusi ahal izan dudanagatik benetan gomendatzen dudan joko bat da, pertsonalku asko gustatu zaidana. Badakizue, denbora librea eta 40€ badituzue (nire kasuan 13€, gora beherapenak!) animatu jolastera!
Iruzkinak