Istorioz eta sekretuz betetako mapa esploratuko dugu puzzle erraldoiak gainditzen. PS5, Xbox Series eta PC plataformetan kaleratuko da.
Croteam estudioak The Talos Principle bikainaren jarraipenaren argitaratze data iragarri du: TTP 2 azaroaren 2an merkaturatuko dute puzzle abentura.
Eguna baieztatzearekin batera bere mekanikak aditzera emateko bideoa prestatu dute. Lehen atalean ikusitakoak jarraituko dituen titulua izango da, baina aurreko ideia guztiak hurrengo mailara eramanez.
“The Talos Principle 2k obra original maitatuan sakonduko du burua hausteko puzzle gehiagorekin, gidoi sakonagoarekin, argitzeko sekretuekin eta orain arte Croteamek sortutako mundurik handienarekin, bitxienarekin”, diote arduradunek prentsa oharrean.
Gizadia desagertu den etorkizuneko mundua ezagutuko dugu TTP 2n. Gizarteak roboten bidez existitzen jarraitzen du: hauen rola beteko dugu, eraikin erraldoi misteriotsua esploratzeko lana hartuz.
Puzzle mekanika ezagunak ikusiko ditugu bigarren atalean, baita erronka berriak ere: garatzaileek grabitateari lotutako erronkak agindu dituzte, eta kontzientzia transferentzia ardatz duten buru hausgarriak ere gainditu beharko dira. Horiez gain, portalak —gogoratu TTP originala Portal maitatutik jaio zela— eta bestelakoak azalduko zaizkigu.
Mundu ederra izango da Taloskoa: dozena bat kokaleku zeharkatuko ditugu gure bidaian, hainbat sekreturekin. Gidoiak pisu handia edukiko duela diote Croteamen: hainbat amaiera lortu ahalko dira, adibidez. Jonas Kyratzes, Tom Jubert eta Verena Kyratzes arduratu dira istorioa idazteaz.
The Talos Principle 2 PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan nahiz PCan —Steam zein EGS saltokietan— estreinatuko da; esan bezala, azaroaren 2an jokatzen hasi ahalko gara.
Iruzkinak