Croteam estudioak PCrako eta PS5erako iragarri du; datorren urtean estreinatuko da. Fisikei lotutako desafioak aurkeztuko ditu beste behin.
The Talos Principle III ofizialki aurkeztu dute Croteam indie taldeak eta Devolver Digital argitaletxeak. Puzzle bideojokoen trilogiaren azken atala dela baieztatu dute arduradunek, “saga epikoaren amaiera handia” izango dela adierazita.
2027an estreinatzeko asmoa aurreratu dute, baina oraindik ez dira ausartu behin betiko data ezartzera. Plataformak bai zehaztu dituztela: PCan zein PlayStation 5ean estreinatuko da.
Anomaliara bidaiatuko dute jokalariek: fisikaren arauak apurtzen diren txoko bakarra unibertso osoan. Gizadiak eraikitakoak gogoratu beharko ditu oroitzapenak galdutako protagonistak; horretarako, fisika bitxiei lotutako puzzleak gainditzeari ekin beharko dio.
“Puzzle gorenak” eraikitzen dabiltzala diote Croteamekoek: mekanikak ezagunak —ohi bezala, izpiekin jokatu beharko da—, zein guztiz berriak eratu dituzte hirugarren Taloserako.
2014. urtean kaleratu zuten lehen The Talos Principle, sekulako arrakasta zein iritziak eskuratuta jokalarien aldetik; iaz joko beraren Reawakened birmasterizazioa prestatu zuten, puzzle berriekin nahiz txukundutako aurkezpenarekin. Bigarren atala 2023an ikusi genuen: balorazio onak jaso arren, askorentzat ez zen originalaren mailara heldu, baina ondoren gehitutako Road to Elysium espantsioarekin lan bikaina gauzatu zuten.
2027an ikusiko dugu The Talos Principle III.
Lander Unzueta
Iruzkinak