2022ko bigarren hiruhilabetean estreinatzea aurreikusten zuten CD Projekt RED-ekoek. Poloniarrek hartu dute berrikuntzak prestatzeko lanaren ardura.

The Witcher 3: Wild Hunt abentura ezagunera berriz jokatzekotan daudenek pixkat gehiago itxaron beharko dute belaunaldi berriko bertsio zaharberritua jasotzeko. CD Projekt RED estudio poloniarrak jakitera eman duenez, urte bukaeran argitaratuko dituzte Erribiako Geralt-en PlayStation 5-eko eta Xbox Series-etako bertsioak.

Bideojokoaren zazpigarren urteurrenean eman dute albistea. Hainbat arazo izan dituzte bertsio honekin: 2020ko abuztuan iragarri zuten Complete Edition azpitituludun titulua; hasiera batean, 2022ko lehen hiruhilabeterako prest edukiko zutela zioten; ondoren, bigarren hiruhilabeterako atzeratu zuten.

Azken berandutze horren zergatia bertsio berriaz arduratzen zebilen Saber Interactive-n datza. Ez dago baieztatuta, baina antza denez estudio errusiar honi Ukrainako inbasioaren harira kendu zioten Complete Editionaren garapena esku artetik. Orain, CD Projekt bera da belaunaldi berriko The Witcher 3 prestatzen ari dena: “Gure barne garapen taldea belaunaldi berrirako geratzen den lanaz arduratuko dela erabaki dugu”, adierazi zuten poloniarrek.

The Witcher 3: Wild Hunt Complete Editionek atal teknikorako era guztietako hobekuntzak ekarriko ditu. Izpien trazadura —hau da, ray tracing-a—, karga denbora motzagoak, hobetutako testurak, segundoko irudien tasa bizkorragoa, bereizmen handiagoetan jokatzeko aukera eta Netflix-eko telesailean oinarritutako eduki gehigarriak prestatzen dabiltza.

Dagoeneko jokoa erosita dutenek doan jasoko dute eguneraketa hau. PlayStation 5erako eta Xbox Seriesetarako bertsioez gain, PC-ko jokalarientzat ere argitaratuko dute Complete Editiona urte bukaeran.

Ez da The Witcherren unibertsoan oinarrituta dagoen joko bakarra izango; izan ere, orain aste batzuk The Witcherren laugarren atalean lan egiten dabiltzala iragarri zuten CD Projektekoek. Unreal Engine 5 motor grafikoa erabiliko du tituluak, Epic Games-ekoekin elkarlana abiarazita.