Unreal Engine 5 motor grafikoa erabilita prestatuko dute remake-a. Canis Majoris izenarekin aurkeztutako proiektua da.

CD Projekti gogor eman dio Erribiako Geralt aztiaren unibertsoan ardaztutako bideojokoak iragartzeari. Orain egun batzuk hainbat proiektu aditzera eman ondoren, horietako baten benetako izaera argitu du: 2007. urtean kaleratutako The Witcher abenturaren remakea prestatzen ari dira.

Bideojokoa ez dute beraiek garatuko; izan ere, urri hasieran aurkeztutako Canis Majoris proiektuaren baitan dago The Witcherren berregite hau. Hori horrela, Fool’s Theory estudioa izango da tituluaren arduraduna. Estudio poloniar hau CD Projekteko beteranoez osatuta dagoenez, bideojoko originalean lan egindako garatzaileak ariko dira berregitea prestatzen.

“The Witcher guztia hasi zen tokia da guretzat”, diote CD Projekt Redekoek. “Egin genuen lehen bideojokoa izan zen, eta guretzat une garrantzitsua izan zen. Toki horretara itzultzea eta obra jokalarien hurrengo belaunaldiarentzat berregitea garrantzitsu sentitzen da baita, are garrantzitsuago agian”. Fool’s Theoryri buruz, taldeko garatzaile batzuek lan originala “ondo ezagutzen dutela” azpimarratzen dute.

Bideojoko originalaren mekanikak guztiz eraldatuko eta eguneratuko dituztela suposatzekoa da. Egia esan, lehen bideojokoa oso desberdina da hurrengo bi atalekin alderatuta; mundu ireki txikia eskaintzen du alde batetik, baina borrokek erritmo jokoen kutsua daukate, adibidez.

Mekanika horiek PC-rako prestatuta zeuden, gainera: kontsoletarako bideratutako Rise of the White Wolf port-a iragarri zuten poloniarrek orain hamahiru urte, baina azkenean bertsio hori alboratzea erabaki zuten. Horregatik, ez zen harritzekoa izango hirugarren jokoarekin antzekotasun nabarmenagoak dituen zerbait prestatzen aritzea.

Nola ez, Unreal Engine 5 motor grafikoa erabiliko dute remakea eratzeko. The Witcherren trilogia berriarekin ere gauza bera egingo dutenez, Epic Games-ekoekin abiarazitako elkarlana beste proiektuetara hedatzea ulertzekoa da.

Argitalpen datari dagokionez, ezagutzeko itxaron egin beharko dugula dirudi: “Bideojokoaren inguruko informazio gehiago partekatzeko denbora beharko dugun arren, badakit itxaronaldiak mereziko duela”, adierazi du Adam Badowski CD Projekteko zuzendariak.

Remakearen zain gauden bitartean, The Witcherren zenbait bideojoko jasoko ditugu, hori bai. Lehenik eta behin, Project Polaris izenekoa izango da The Witcher 4; gainera, trilogia baten lehen atala izango dela aurreratu dute. Bigarrenik, The Molasses Flood prestatzen ari den Project Sirius daukagu: online elementuak edukiko dituen bideojokoa garatzen dabiltza. Bukatzeko, ezin gaitezke ahaztu The Witcher III: Wild Hunt-en egungo belaunaldiko bertsioaz.