Ciri sorginaren lehen abenturaren demo teknikoa eskaini digute State of Unreal aurkezpenean.

CD Projekt Red taldeak The Witcher IVren lehen jokagarritasun bideoa aurkeztu du.

Demo teknikoa State of Unreal emanaldiaren baitan erakutsi dute: zinematika ikusgarriarekin hasita, Ciri kontrolatuz eta herrixka bizi batetik mugituz jarraitu dute garatzaile poloniarrek.

Grafikoki ikusgarria, demoa PlayStation 5 kontsolaren modelo arruntean mugitu dutela adierazi digute. Denbora errealean funtzionarazi badute ere, une askotan prestatutako edukiak eta pasarteak ageri dira. Ciriren Kelpie zaldiaren mugimendua eta osatu duten gihar sistema erakutsi digute; ez hori bakarrik, herrixkako egoera edo ekintza desberdinak ere ageri izan dira bideoan, festen etorrerak biztanle kopurua areagotuta.

The Witcher IVren demoaz baliatu dira Unreal Engine 5 garapen motorearen ezaugarriak eta berritasunak agerian jartzeko, hortaz. Uraren simulazioa erakutsi digute giharren sistemarekin batera, baita fisika zahaberrituak ere.

The Witcher III: Wild Hunt maitatuaren estetika mantenduz, jauzia adierazgarria da. 2026an estreinatuko da, dena ondo badoa behintzat —berandutzeren bat ez litzateke harritzekoa izango— The Witcher IV.