Tessera Studios madrildarrak dadoak eta joko misteriotsuak prestatu ditu ordenagailuetarako, kontsoletarako eta mugikorretarako.
The Zibbo Show urriaren 29an estreinatuko dela iragarri du Tessera Studios taldeak. Telebista saio ilun bezain arriskutsuan barneratuko dira jokalariak, euskaratuta egongo diren zenbait jokotan parte hartzeko.
Balatro, edo, are zehatzago, dadoak protagonista dituen Dice A Million bezalako tituluen oinarriak hartuta, beldur eta misterio girotzea duen titulu interesgarria prestatu du estudio madrildarrak. Garatzaileen artean, Markel Cuena euskalduna aurkitzen da: bera arduratu da euskaratzeaz, ondoren, Game Erauntsia Elkartearen laguntzarekin txukuntzeko.
Zibboren telebista saioan hamabi aurkariren kontra egin beharko dugu. 3x3ko taulan dadoak kokatuta igaroko dira partidak: gure puntuazioa biderkatzen nahiz arerioaren dadoak suntsitzen ariko gara, apustu, indartzaile eta dendan erositako hobekuntza karta artean. Bizitza galdu aurretik, gainera, zorioneko biran parte hartu ahalko dugu joko odoltsuari jarraipena emateko.
Roguelike elementuekin, partida bakoitzean indartzaile zein karta berriak desblokeatuko ditugu, bukaerara iristeko laguntza jasota: Zibbo beldurgarriaren aurka lehiatu beharko dugu saiotik ihes egiteko.
Proposamen ezaguna karta eta dado jokoen zaleentzat, baina aurkezpen eta ideia interesgarriak elkartu dituzte Tesserakoek. Jokoa probatu dutenek, doako demoa aurkituko dute Steam plataforman.
Bestela, urriaren 29an PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Switch, Xbox, Android eta iOS gailuetan hasiko dira dado partida zitalak.
Lander Unzueta
Iruzkinak