Lapurreta kooperatiboak biziko ditugu ordenagailuan. Etorkizunean PS5 eta Xbox Series kontsoletan estreinatuko du OtherSide Entertainment estudioak.

Thick as Thieves maiatzaren 20an merkaturatuko dela adierazi du Warren Spector zuzendariaren OtherSide Entertainment estudioak.

Iragarri zenean jokalaria jokalariaren aurka zein jokalaria ingurunearen aurka (PvPvE) oinarriak edukiko zituela jakinarazi zuten egileek, baina ordutik hona aldaketa handiak jasan ditu proiektuak. Azkenik, bi lagunen arteko kooperatibora bideratutako obra izango da.

Are gehiago sakonduz, lehen pertsonan bizitako lapurretak izango dira ardatza. Jokalariek kontrolatuko dituzten bi lapurrek berezko abileziak eta mugimenduak izango dituzte; espero bezala, elkarlana eta prestakuntza ezinbestekoak izango dira aurrera egiterakoan.

Immersive sim generoaren oinarriak berreskuratuko ditu Deus Ex originalaren sortzaileak. Teknologia bitxiak eta magia uztartzen dituen munduko inguruneez eta erremintez baliatu beharko dira jokalariak misio motzak gainditzeko: gantxoak, burbuila magikoak eta bestelakoak erabiliko ditugu lapurretetan. Bertikaltasuna nagusi izango dela dirudi, eta horretarako jauzika nahiz eskalatzen ibiliko gara bankuetan, museoetan nahiz gainerako tokietan.

Isil-gordeka aritzea gakoa izango den arren, misioetan hanka sartzea ohikoa izango da… kasu horietan, ihesari eman beharko zaio, hainbat oztopo gaindituta. Kooperatiboa izar nagusia izango den arren, bakarka gozatzeko aukera ere egongo dela adierazi dute egileek.

Ordenagailuetan estreinatuko da maiatzaren 20an: Steam eta Epic Games Store saltokietan ikusiko dugu. Beranduago, zorionez, PlayStation 5 eta Xbox Series bertsioak kaleratuko dituela adierazi du Megabit argitaletxeak.