Nightdive Studios eta Eidos Montreal ari dira elkarlarnean birmasterizazioa prestatzen. PCan eta kontsoletan kaleratuko da.

Thief: The Dark Project Remastered iragarri du Atari argitaletxeak. 1998. urteko bideojokoaren birmasterizazioa negu honetan argitaratuko da.

Looking Glass Studios taldeak sortutako isil gordekako abentura Nightdive Studiosen eta Eidos Montrealen esku dago orain. Zaleak lasaitu dituen erabakia, Nightdiven aurreko birmasterizazioek sekulako maila erakutsi baitute: System Shock, Star Wars: Dark Forces, Turok 2 edo Forsaken mitikoak eraberritzeaz arduratu dira, beste hainbaten artean.

Atal grafikoa txukunduz hasiko dira: 3D modeloak zein testurak hobetuko dituzte, animazioak nahiz zinematikak moldatuta eta 4K bereizmena zein 120 fps-ko tasak eskainita. Interfazeak ere aldaketak ikusiko ditu, pantaila zabalentzako euskarriarekin batera misioak hautatzeko menua nahiz armaz eta objektuz aldatzeko gurpila gehituta. Gainera, komunitateak sortutako kanpainak txertatzeko berezko aukera edukiko du Remastered bertsioak.

KEX garapen motorea erabiliko du Nightdivek Thief birmasterizatzerakoan; etxeko tresna, alegia. Thief Gold bertsioan ikusitako eduki guztiak bilduko ditu aurtengo edizioak.

Garrett lapur trebea izango gara Thiefen. Itzalak erabilita, hiritik mugitzea tokatuko zaigu, gure helburuen informazioa eskuratuta eta denetariko altxorrak ostuta. Gauzak ez dira diruditenak izango, ordea: misio sinpleetatik hasita, naturaz gaindiko elementuen aurka jarriko gaitu bideojokoak. Maisulan hutsa askorentzat, Thief II: The Metal Age eta Thief: Deadly Shadows jarraipen zuzenak eduki zituen. 2014. urtean Thief berrabiatzea ikusi genuen, harrera apalarekin; iaz, errealitate birtualeko Thief VR: Legacy of Shadow estreinatu zen.

PCan zein PlayStation, Nintendo eta Xbox kontsoletan kaleratuko da Thief: The Dark Project Remastered. Data zehatzik gabe, negurako prest edukitzea da Atariren asmoa.