Tiecorp Studio taldeak ordenagailuetarako iragarri du Metal Slug edo Cuphead oinarritzat dituen titulua.

Tiebreakers aurkeztu du Tiecorp Studio garatzaile frantsesak. AG French Direct Showcase emanaldian “shonen run n’ gun” bezala aurkeztutako indie jokoak tiroak, jauziak eta kirolak batuko ditu.

Arkade kutsu nabarmenarekin, aspaldiko jokoen girotzea eta jokagarritasun dinamikoa berreskuratuko du Tiebreakersek. Lehen bideoa ikusita, argi geratzen da bilatzen dena: Metal Slug klasikoen edo Cuphead modernoagoaren bidea jarraitzea.

2D planoan ehundaka tiro —edo pilotakada, tenis erraketarekin nahiz saskibaloiarekin ibiliko baikara— banatuko ditugu etsai desberdinak gainditzeko; bidean, arerioen kolpeak saihestuko edo kontraerasoak jaurtiko dituzte gure bi protagonistek. Kirolei lotutako elementuak ikusiko ditugu nonahi, Kill la Kill animea gogora ekarrita —diseinuetan nahiz girotzean, egia esan—: protagonistek nahiz gaiztoek kirol desberdinetako uniformeak eta tresnak erabiliko dituzte.

“Atsedenik gabeko jokagarritasun leherkorrarekin” bukatzeko, zelan ez, etsai nagusi hilgarrien aurkako borrokak biziko ditugu. Bideoan surflari erraldoia ageri da, baina lasai, bere kolpeak itzultzeko gai izango gara-eta.

Argitaratze datarik gabe, Tiebreakers PCan kaleratzeko asmoa dauka Tiecorpek.