Garatzaile mitikoa berpiztu du Deep Silverrek hainbat izen aldaketen ondoren. TimeSplitters: Future Perfect izan zen sagako azken jokoa.

Kontsolen seigarren belaunaldiko tiro joko maitatuenetako bat itzuliko da etorkizunean. TimeSplitters berria iragarri du Deep Silver ekoizleak, eta hori garatzeko joko originaletan lan egin zuen Free Radical Design estudioa berpiztu egin dute.

Jatorrizko estudioa Crytekek xurgatu zuen PlayStation 3rako Haze shooterrarekin porrot egin ondoren. 2014. urtean Deep Silverrek eskuratu zuen Dambuster Studios bezala izendatuta, eta estudioak Homefront: The Revolution bezalako obrak garatu zituen. THQ Nordic enpresak 2018an iragarri zuen TimeSplitters frankiziaren lizentzia eskuratu zuela, eta horren jarraipena izan da Free Radical Design berregituratzeko asmoa.

“Eskatu egin zenuten eta entzun egin dugu”, adierazu dute Deep Silverrekoek. “TimeSplitters frankizia berpizteko lanetan ibili gara, eta hori gauzatzeko Deep Silverren estudio berria eratu dugu. Free Radical Design berregituratuko dugu jatorrizko estudioan lan egindako Steve Ellis eta David Oak garatzaileekin batera”.

Izen horiek kontsoletarako bereziki garatutako tiro jokoekin harreman zuzena dute. Izan ere, Free Radical Designen egon aurretik Rare estudioan Nintendo 64rako Goldeneye eta Perfect Dark jokoak sortzeko arduradunetako batzuk dira. Microsoftek Rare erosi ondoren bertako kideetako batzuek Free Radical Design eratu zuten 2000. urtean lehen TimeSplitters kaleratzeko; aurreko lanekin hainbat antzekotasun zituen abentura honek. Tiro jokoak bi jarraipen izan zituen: TimeSplitters 2 eta TimeSplitters: Future Perfect.

Atal berriak ez dauka argitaratze datarik, eta zaleek asko itxaron beharko dutela dirudi. Izan ere, iragarpena “prozesuaren lehen pausoa” baino ez dela diote arduradunek, eta “jokoaren garapena oraindik hasi gabe dagoela”.