Aurretiazko sarbidean dago, egun. PC, PS5 eta Xbox Series bertsioak prestatuko ditu THQ Nordic garatzaileak.

Titan Quest II RPG abenturan behin betiko bertsioaren kaleratze data zehaztu du. 1.0 adabakia urtarrilaren 19an kaleratuko du Grimlore Games taldeak.

Aurretiazko sarbidean zehar prestatutako eduki guztiak txukuntzea, eta “pixkat gehiago gaineratzea” dira arduradunen helburuak, originalaren oinarriak berreskuratuta. Hau da, Diablo estiloko akziokzko RPG isometrikoarekin errepikatuko du THQ Nordic garatzaileak, nahiz eta oraingoan Iron Lore Entertainment garatzaile originalekin bat egin gabe geratu diren.

Antzinako Grezia izango da abiapuntua, nola ez: Nemesis jainkosaren aurka egin beharko dugu oraingoan, gure pertsonaia eratuta eta abileziak hobetuta, bidean gune erraldoiak esploratuz eta ehundaka arerio akabatuz.

2025eko abuztuan ekin zioten early access faseari. Jokalarien aldetik balorazio baikorrak lortu zituen hasiera batean, baina, une honetan, iritziak hoztuz joan dira. Premisa ederra dela dioten arren, askok sor daitezkeen pertsonaia motak gogaikarriak eta mamirik gabekoak direla aldarrikatzen dute, joko luzea zapuztuz. 1.0 bertsioaren kaleratzea fintzea izanik egileen ardura nagusia, jokalariei jaramon egitea eta aipatutakoak zuzentzea da askoren itxaropena.

Datorren urteko urtarrilaren 19an ikusiko dugu. Titan Quest II PCan eta PlayStation 5 nahiz Xbox Series kontsoletan estreinatuko da.