Etorkizuneko New York hirian dortoka mutante bakartiaren mendekua betetzeari ekingo diogu. Black Forest PS5, Xbox Series eta PC plataformetarako prestatzen ari da.

TMNT: The Last Ronin iragarri du THQ Nordic argitaletxeak. Ninja dortoka gazteen hurrengo bideojokoa ohiko abentura koloretsuengandik urrunduko da; izan ere, 2020an argitaratutako izen bereko komikian oinarrituta egongo da.

Horrela, etorkizuneko New York ilunean girotuko da Black Forest estudioa garatzen ari den abentura. Leonardo, Donatello, Michelangelo eta Rafael anaiak protagonistak izan beharrean, dortoka bakartia kontrolatuko dugu oraingoan —bere identitatea komikiko misterio handietako bat da—.

Odolez betetako mendeku istorioa biziko dugu berarekin: familia galduta, miseria eragiten dabiltzan hanka arinaren klaneko buruzagien bila abiatuko gara.

Argitaletxetik xehetasun gutxi eman dituzte: PlayStation 5, Xbox Series eta PC gailuetan estreinatuko dela baieztatu dute. Horrekin batera iragarpen bideo motza prestatu dute, baina ez da bideojokoaren irudirik ageri; bukaeran arte kontzeptuala ikus dezakegu, hori bai.

Kaleratze data zehaztu gabe utzi dutenez, itxaron egin beharko dugu TMNT: The Last Roninen berri gehiago jasotzeko.