Azken bi urteetan digitalki soilik burutu dute. Irailaren 15etik 18ra bitartean irekiko ditu bere ateak bideojokoen azoka japoniarrik handienak.

Computer Entertainment Supplier’s Association (CESA) elkarteko arduradunek Tokyo Game Show azokaren itzulera iragarri dute. 2022ko edizioa aurrez aurre egingo da Chiba-ko Makuhari Messe gunean.

2019an burutu zen azoka modu presentzialean azken aldiz; koronabirusak eragindako pandemiaren ondoren, 2020ko eta 2021eko Tokyo Game Showak digitalki soilik jarraitzeko aukera egon da —iazkoan kazetariak hurreratu ziren arren, ez zuten publikora ireki—.

“Azken bi urteetan hainbat ekimen dibertigarri desagertu ziren gure bizitzetatik”, adierazi dute antolatzaileek Gematsu webgunean“baina bideojokoek gure egunak poztu zituzten”. Hori horrela, aurtengo ekimeneko gaiak sentipen horri lotutakoak izango direla nabarmentzen dute: 2020ko TGS-aren leloa “Nothing Stops Gaming” ( Ezerk Ez Du Jokoa Gelditzen) izango dela iragarri dute, “bideojokoen benetako arima erakusteko”.

Azoka irailaren 15ean irekiko da ofizialki. Egun horretan hedabideetako kazetariak eta bestelako profesionalak soilik ariko dira bertatik; hurrengo egunean zabalduko da publiko osora, eta irailaren 18ra arte TGS bisitatzeko aukera egongo da.

Bideojokoei lotutako era guztietako edukiak bilduko dituzte: stand-ak, tailerrak, obra berriak frogatzeko aukera, ekimen bereziak, eta, nola ez, bideojokoen aurkezpenak egongo dira azoka japoniarrean.

Irailaren 15etik 18ra bitartean egingo da Tokyo Game Show 2022.