“Bideojokoen bidez mundua irekitzeko” helburua iragarri du Japoniako bideojokoen egitasmorik handienak.

Bideojokoen azoka handi batzuk ikusi gabe geratuko gara aurten, baina ez da Tokyo Game Showaren kasua izango: japoniarren ekimeneko 2024ko edizioa irailaren 26tik 29ra bitartean egingo da.

Tokio aipatzen duten arren, azoka ondoan daukan Chiba hirian egiten da. Beste behin Makuhari Messe gunera itzuliko dira nazioarteko bideojokoen egitasmorik handienetakoa egiteko. Aurtengo helburua “bideojokoen bidez mundua irekitzea” izango dela diote arduradunek.

 

Azoka hobetzeko neurriak

Iaz esparrua osorik betetzea lortu zutela aldarrikatu dute CESA eta Nikkei erakundeetako antolatzaileek, baina aurten are egitasmo handiagoa egiteko asmoak agertu dituzte, kritikak entzunez.

Izan ere, 2023an inoiz baino stand gehiago bildu zituzten, eta, horren ondorioz, bisitarien kopurua ere azokaren ibilbideko handiena izan zen.

Ospatzekoa dela diote arduradunek, pandemia garaia atzean utzita eta ekimena “guztiz berpiztuta”, baina arazoak ekarri zituela nabarmenduz: jendea kopuruarengatik Makuhari Messe txiki geratu zen, eta bisitariek azoka osoa bizitatzeko oztopoak eduki zituzten. Ez hori bakarrik, merchandising-ak hegan egin zuela gogoratzen dute.

Ekintza berregituratuko dute arazooi erantzuteko: erakusketa gunea handituko dute, standentzat leku gehiago ezarrita 250.000 bideojokozale erakartzea aurreikusten du antolakuntza taldeak.

 

Mundu osoko estudio handi nahiz txikiak

Etxeko garatzaileak eta estudioak zein nazioartekoak elkartzen ditu TGSak. Aurtengo partaideak baieztatzea falta da, baina, ohi bezala, Capcom, Sega edo Konami bezalako taldeen bideojokoak ikustea espero da; zorte pixkatekin Nintendo edo PlayStation erraldoiek ere presentzia handia edukiko dute ekimenean.

Joko independenteen parte hartzee geroz eta nabarmenagoa bilakatzen ari da, gainera, Tokion. Indie tituluen gune berezia prestatuko dute berriz aurten, 80 bat sortzailerentzako doako standak proposatuz.

2024ko Tokyo Game Show azoka irailaren 26tik 29ra egingo da.