Izen bereko Dreamcast-eko bideojokoaren bertsio eraberritua da. Tokioko autobidea zeharkatuko dugu 50 bat autorekin.
Genki estudio japoniarrak Tokyo Xtreme Racer kaleratu berri du PCrako. Sarbide goiztiarrean iritsi da, hasteko, Steam plataformara.
1999. urtean Dreamcast kontsolan argitaratutako Tokyo Xtreme Racer maitatuaren —Tokyo Highway Challenge bezala ezagutu genuen hemendik— atal berria dugu; hala ere, SNES kontsolan 1994an argitaratutako Shutoko Battle ’94: Drift King jokoarekin hasi zen guztia.
Genkik 18 urte daramatza plataforma nagusietan sagaren jokorik kaleratu gabe —2017an Shutoko Battle Xtreme estreinatu zuten mugikorretan—; egia esateko, zaleek gogo biziz hartu dute bertsio eraberritua.
Proposamen berarekin dator 2025eko TXR. 180 kilometroko luzera daukan Tokioko Shuto autobide ezagunean jarriko gaitu beste underground gidarien aurkako lasterketetan. Bizitza errealeko 50 bat auto aurkeztuko dizkigute: Toyota, Nissan, Mitsubishi edo Mazda bezalako marka japoniarrak gailenduko dira.
Helburua ez da izango norgehiagoketan lehenengo geratzea, arerioaren espiritua haustea baizik. Spirit Point borroketan parte hartzerakoan errealismoa eta fantasia batzen direla esan daiteke, Fast and Furious edo Need for Speed bezalako lanetako girotzea bereganatuta.
200 aurkari desberdin ikusiko ditugula agintzen digute Genkitik: bakoitzak bere nortasuna eta testuingurua edukiko ditu, jokoa aberasteko asmoarekin. Lasterketetan lortutako puntuekin kotxeak erosi ahalko ditugu, baita hauek tuneatze bidez hobetu ere; horrez gain, gidariarentzako abileziak lortzeko aukera ere aipatzen dute egileek.
Sarbide goiztiarra lau hilabetez mantentzea proposatzen dute, hasteko, japoniarrek. Horren ostean erabakiko dute jokoaren 1.0 bertsioaren argitalpen data: “Sarbide goiztiarreko garapenaren prozesuaren arabera erabakiko eta iragarriko dugu jokoaren kaleratze osoa”. Komunitatearekin elkarlanean jokoa ahalik eta onena izatea bilatzen dute Genkikoek.
Oraingoz indar betean ekin diote hasitako bideari: Steamen biltzen dituen ia 4.500 balorazioetatik %91 oso positiboak dira. Ez hori bakarrik, Valve-n saltokiko jokorik salduenetakoen artean kokatu da asteburuan.
Tokyo Xtreme Racerren sarbide goiztiarra PCan argitaratu da. Ez dute kontsoletarako bertsiorik iragarri oraingoz, baina PlayStation eta Xbox port-ak aurreikusten dira, gutxienez.
Iruzkinak