XCOM bezalakoen oinarriak hartzen dituen txandakako tiroketak biziko ditugu. PC, PS5 eta Xbox Series gailuetarako prestatuko du Ubisoft-ek.

Tom Clancy’s Rainbow 6 Tactics aurkeztu du Ubisoft frantsesak. Izenak adierazi bezala, estrategia taktikoaren oinarriak hartzen dituen titulua izango da.

Sagarekin denetariko erokeriak probatu ondoren, genero berrian barneratuko dira, baina Rainbow 6entzako oso egokia izan daitekeen premisarekin. Azken XCOM atalen klonaren aurrean gaudela ikus dezakegu bideoan: soldadu taldea lauki sarean zehar gidatuko dugu txandakako partidetan ehunekoz betetako tiroketak bizitzeko.

Lau taldekideko eskuadroia osatuko dugu mundu osotik sakabanatutako misio desberdinetarako: hirigunean, aireportuak edo biltegiak bisitatuko ditugu, besteak beste, bahituak erreskatatzea, bonbak desaktibatzea zein arerioak akabatzea eskatuko duten erronkak gainditzeko.

Inguruneak suntsigarriak izango direla diote egileek; horrela, paretak behera botatzeko edo sabaitik jaisteko aukera egongo da, R6 Siege ezagunaren bidea jarraituta. Askatasun horren baitan aginduen sekuentzia egokiena erabakitzea izango da gure lana, soldadurik ez galtzeko bide bakarra izango baita.

Misioak gainditu ahala, gure basea zein ekipamendua eta soldaduak hobetzeko gaitasuna edukiko dugu, abileziak eta bestelakoak desblokeatuta. XCOMen klona, esan bezalaxe.

Ohiko hirukotera ailegatuko da Tom Clancy’s Rainbow 6 Tactics: PCan eta PlayStation 5 nahiz Xbox Series kontsoletan kaleratuko du Ubisoftek. Datorren urtean estreinatuko da, baina ez dute datarik zehaztu oraingoz.