Ume koxkorra nintzeneko lehen PCko abenturak Tomb Raider IIrekin bizi nituela oroitzen dut. Betikoa: Croft etxetik bueltaka eta jauzika, etxezaina hozkailuan harrapatuta utzi nahian. Lara Croften abentura originaletan gutxi ibili nintzen, hori kenduta: PlayStation-eko nahiz ordenagailuko bertsioak igaro ziren nire eskuetatik, baina gutxi jokatu nituen.

Ez naiz, beraz, Tomb Raiderren zale amorratu horietakoa. Probatutako gutxiak ez zidan ikaragarri erakarri, eta ondorengo urteetan klasikoak instalatzerakoan ez didate askorik iraun PCan.

 

Lara berreginda

Guztia aldatu zen, baina 2013an Lararen abenturek jaso zuten berrabiaratzearekin. Behin eta berriz berreskuratzen dudan jokoan bilakatu da, bekatu horietako batean. Obra ikusgarria, zirraragarria, dibertigarria eta erritmo bizikoa dugu, birjokagarritasuna bermatzen duen titulua.

Tomb Raider ilunagoa, gogorragoa eta “errealistagoa” agindu zuten Crystal Dynamics, Eidos Montreal eta Square Enix etxeek: irudietan zein bideotan odolez betetako neska gaztea ageri zen beti, borrokarako prest edo zauriak sendatzen.

Ilunagoa bai, benetan: bideojoko nahiko koloretsuak izatetik asetasunik gabeko atal estetikora igaro ginen. Biolentzia ere nagusi da berrabiaratze honetan: abentura latza biziko du Larak, behin eta berriro kolpeak jasota… ez bada modu beldurgarrietan zein mingarrietan hiltzen gure akatsen ondorioz.

Hori esanda, hirugarren pertsonan jokatzen den akzio eta abentura titulua eratu zuten Crystal Dynamicsekoek Tomb Raider zaharberrituarekin. Uncharted sagaren aurka egiteko sortutako ekoizpena dela pentsa dezakegu: Nathan Drake lapurraren bizipenen mekanikak eta ikusgarritasuna bereganatzen ditu Larak.

 

Erritmo bizia nagusi

Bidaia astirik galdu gabe hasiko du gure protagonistak. Dokumentala grabatzeko Yamatai izeneko irla galduaren bila dabilen espedizio taldeko kidea gara. Ekaitz ikaragarriak gure ontzia hondoratuko du: ia ito ondoren, Lara hondartza batean esnatuko da… baina ez du inguruak miatzeko astirik izango, ezezagun batek emandako kolpeak konortea galduaraziko baitio.

Kobazulo ilunean lotuta eta buruz behera ikusiko dugu neskatoa. Hor hasiko dira gure lazeriak: Quick Time Event zein puzzle txikiz betetako erronkak gainditu beharko ditugu ihes egiten saiatzen garen bitartean: kolpeak, labankadak eta askoz gehiago biziko ditu Larak, baina lasai, ez du atsedenik hartzeko asmorik-eta.

Tutorialean jokoko oinarrizko mekanikak ezagutuko ditugu, esandako puzzlekin hasita. Suarekin hasiko gara: aurrera egiteko bideak oztopatzen dituzten objektuak erreko ditugu, ondoren ondo baino hobeto landutako fisikak erabiltzen dituen erronkarekin topo egiteko.

 

Jauzika eta tiroka, noizean behin altxorren bat eskuratuz

Plataformak dira, hala eta guztiz ere, jokoaren zutabe nagusia. Amildegiak zeharkatzeari ekingo diogu, Lararen salto ahalmen ikaragarria ezagutuz. Pertsonalki, ez daukat arazorik ia-ia flotatzeko daukan gaitasunarekin, baina askorentzat nahasgarria izan daiteke; alegia, ezinezko jauziak egiteko gai izango gara, eta, horren ondorioz, batzuetan jarraitu beharreko bideak iristezinak direla pentsa dezakegu.

Biolentzia ere nagusi da berrabiaratze honetan: abentura latza biziko du Larak, behin eta berriro kolpeak jasota…

Yamatai ezagutzen hasi eta gutxira lortuko dugun pioleta izango da gure lagunik onena. Horri esker kareharrizko hormetatik gora egin ahalko dugu. Larak ziztu bizian eskalatuko ditu, eta horietatik jauzi egitea ere posible du: abenturako une asko hormei helduta emango dugu, baina ez da inoiz gogaikarria bilakatzen.

Zentzu honetan, ez dugu jokagarritasun konplexurik aurkituko. Jarraitu beharreko bidea argi eta garbi adierazten da arroketan edo egurretan jarritako pintura grisarengatik zein higadurarengatik. Ekintza bereziren bat burutu behar izanez gero, interfaze dinamikoak sakatu beharreko botoia azalduko digu: sua piztu, mekanismoak aktibatu edo apurtu eta baliabide desberdinak eskura ditzakegunean pantailan azalduko zaigu.

Bukatzeko, Tomb Raiderren azken ardatz nagusia tiroketek osatzen dute. Lehen orduan ez dugu borroka askorik egingo, baina lehen arerioak aurkitzen hasi bezain laster dozenaka pertsona hilko ditugu. Lara berriaren irudi bilakatu den arkua hartuta biziko ditugu lehen tiroketak; ostean, pistola, metraileta zein eskopeta lortuko ditu protagonistak.

Gunplay gozagarriarekin, tiro joko bikainean bilakatzen da 2013ko Tomb Raider. Geziek zein balek indarra dute, eta etsaiek behar bezala erantzuten dute gorputzeko atal desberdinetan jasotzen dituztenean. Burura egindako tiroak gozamen hutsa dira, eta, armen tiro alternatiboekin batera, ondo pasatzeko tresnak edukiko ditugu ibilbide osoan zehar.

Isilpean aritzeko aukera ere eskaintzen digu, gainera, Tomb Raiderrek. Hainbat eta hainbat borroka tirorik egin gabe gaindi daitezke: arkuarekin, edo, bestela, atzetik hurbilduz eta etsaiak harrapatuz, gudu zelai osoa garbi dezakegu trebeak baldin bagara.

Tiroketak zein isilpe atalak apartak dira, bai, baina Lararen abileziek eta mapek eskaintzen diguten mugikortasunari eskerrak eman behar dizkiote. Yamataiko mendietatik, herrixketatik, base militarretatik eta tenpluetatik gora eta behera ibiltzeko aukera izango dugu, arerioak akatzeko tokirik onenaren bila: tirolinek zein bestelako lasterbideek zenbait angelu eta bide desberdinak eskainiko dizkigute, eta ia edozein lekutik igo ahalko gara, ikusgarritasuna eta zirraragarritasuna biderkatuz.

Txikikeria da, baina asko amorratzen nauen ‘akatsa’ daukate 2013ko Tomb Raider honek zein bere jarraipenek. Armekin apuntatzerakoan, angeluaren eta Lararen heltzeko moduaren ondorioz norabide okerrera begira gaudela dirudi: mira digitalak eta kanoiak ez dute puntu berera apuntatzen, alegia.

 

Ikusgarria gaur egun ere

Hamar urte baino gehiago eduki arren, atal grafiko indartsuari esker ondo zahartu dela esan dezakegu: testura eta modelo zatar batzuk kenduta, PlayStation 3 / Xbox 360 belaunaldiko joko ederrenetarikoa da, eta PCko aukera grafiko hobeei esker itzel ikusten da.

2014an, jatorrizko titulua kaleratu eta urtebetera, Definitive Edition izeneko birmasterizazioa kaleratu zuten PlayStation 4 eta Xbox One kontsoletan. Era guztietako hobekuntzak prestatu zituzten atal grafikorako, Lararen modeloa aldatuz, eta zenbait efektu edo argitazpena hobetuz.

 

Metroidvania zantzuak bereganatuz

Akats txikiak alboratuta, esperientzia dibertigarria da jokoak eskaintzen diguna. Neu behintzat ez naiz aspertzen proposatzen dituen une eroak bizitzeaz. Jokoaren aurrerapenari dagokionez, mundu erdi irekia esploratuko dugu.

Era batean, Batman Arkham saga gogora ekar dezake: modu askean esploratzeko guneak ditugu, baina une garrantzitsuetako asko ‘ziega’ edo leku itxietan jazoko dira. Hauetarako sarbidea modu organikoan ematen da bideojokoan, baina, behin gaindituta, betirako itxi daitezke; beste kasu batzuetan, bidaia azkarraren bitartez soilik itzul gaitezke.

Ziega edo gune lineal horietan biziko ditugu abenturako unerik zoroenetakoak. Tiroketei ihes eszena zirraragarriak gehitu behar zaizkie: sua, eztandak, suntsipena eta gehiago izango dira nagusi hauetan. Kobazuloetatik, ontzietatik nahiz gaztelu japoniarretatik bizirik irtetzeko borrokan ibiliko gara; bestela une gogoangarriak ere daude, adibidez, mendietan kableetatik zintzilikatutako ontzi zaharren artean jazotakoak.

Batmanen jokoak aipatuta, hauen metroidvania izaera ere bereganatzen du Tomb Raiderrek. Objektu eta tresna bereziak lortu ahala mundua zeharkatzeko bide berriak irekiko zaizkigu, oztopo desberdinak gainditzeko aukera eskainita. Arestian aipatutako pioleta da adibideetako bat, baina beste hainbat daude: eskopetari esker hesi batzuk suntsi ditzakegu, geziarekin eta sokarekin ate batzuk ireki edo lasterbideak sor daitezke…

Horrela, etengabe hazten eta zabaltzen doan irla dugu Yamatai. Esploratzera deitzen diguten guneetatik dabil Lara, gainera: sekretu, erronka eta bide alternatibo mordoa daude. Bigarren mailako misio nagusiak ehorzlekuei lotutakoak dira: kanpaien eta irudien bidez adierazitako lekuetan sartuz gero, puzzle motzetara zuzendutako hilobi ederretan sartuko gara.

Gunplay gozagarriarekin, tiro joko bikainean bilakatzen da 2013ko Tomb Raider.

Minutu gutxi batzuetan gainditzeko moduko erronkak dira hauek; zoritxarrez, bide nagusian egon beharko liratekeen puzzleak dira, konponbideak horren sinpleak izanda. Bigarren mailako hautazko puzzleak zailagoak izan beharko liratekeela pentsatzen dut. Hori da, hain zuzen ere, beteranoenek duten kexa nagusia, eta guztiz partekatzen dut. Eman beharreko pausoaren inguruko zalantzak baditugu, Larak berak jarraibideak emango dizkigu; bestela, ikuspegi bereziari esker erabili beharreko objektuak nabarmenduko zaizkigu.

 

Esploratzailearen ekipamendua

Hauek gainditzerakoan gure baliabideak hobetzeko materialak jasoko ditugu, gehienbat. Antzekoa lortuko dugu kokalekuetatik aurrera eta atzera gabiltzala: puzzle eta plataforma erronka txikiek esperientzia nahiz baliabideak emango dizkigute, baita arma berriak lortzeko pieza desiratuak ere.

Batzuetan, egia esan, gauza gehiegi ditugu sakabanatuta mapetan. Erlikiak, altxorrak, dokumentuak, kiskaltzeko edo suntsitzeko objektuak, GPS bilatzaileak eta gehiago daude, askotan, bata bestearen ondoan ezkutatuta. Hauen bila aritzea astuna suerta daiteke; bidean aurkitzen ditugunak biltzea nahikoa da.

Aipatutakoekin Lararentzako abileziak nahiz armentzako hobekuntzak lortuko ditugu. Ohiko elementuak ikusiko ditugu hemen: errekarga bizkorragoa, tiro egiterakoan nabaritako atzerapena murriztea, tiro gehiago irautea, azkarrago eskalatzea… Gauza interesgarriak ere badaude, etsaiak saihesterakoan hauei kolpe hilgarria emateko aukera, adibidez.

Amesgaiztorik handiena, baina, QTE ekintzen aldetik dator. Botoiak amorratuta zanpatzera eramango gaituzte orokorrean; dena den, beste hainbatetan bizitza salbatzeko agertzen zaigun botoia une aproposean sakatu beharko dugu… ia denborarik eman gabe, eta azken unera arte botoia zein den jakin gabe. Zorionez, baina zentzu guztia galduta… hiltzen bagara, QTEa hasi aurreko unean agertuko gara berriro. Denbora galtze hutsak.

 

Lekurik ez ustekabekoentzat

Gidoi sinplea aurkezten digute Crystal Dynamicsekoek, baina jokoak ez du gehiago behar. Ezusteko handirik gabe, interesgarria eta proposatzen digutenarentzat aproposa den istorioa ikusiko dugu.

Interesgarriena, ziurrenik, Lara bera izango da: betidanik ezagutu izan dugun esploratzaile ausarta eta makarroia unibertsitatetik irten berri den maleziagabeko gaztea dugu oraingoan. Abenturan zehar bizi duen metamorfosia itzel garatuta dago, orain arteko Lara Croft bereziena eratuz.

Girotzea nabarmentzekoa da, baita: Yamataiko irlak Erdi Aro Japoniarreko elementuak, bigarren mundu gerrakoak eta bestelakoak biltzen ditu, esploratzeko ikaragarria den mundua sortuta. Denetarik aurkituko dugu, bideojokoen mundurako desberdina eta berritzailea den kokalekua aurkituta.

Hamabi ordutan Yamataiko misterioak argituta izan ditzakegu. Erritmo bizia darama abenturak, minutu gutxiro erronka eta une gogoangarriak aurkeztuta: ez gara aspertuko, zentzu horretan. Egia da bukaerarako jokoa luzetxoegia egin daitekeela, batez ere, bukatzeko keinu pare bat egiten dituelako; hala ere, une aproposean agur esaten daki.

Rise of the Tomb Raider eta Shadow of the Tomb Raider jarraipenek lehen berrabiatze honekin hasitakoak jarraitzen dituzten arren, ez dira jatorrizkoaren mailara iristen. Erritmoa zapuzten duten bideoek eta misioek gozagarritasun hori alboratzen dute, onak diren, baina gogaikarriagoak suerta daitezkeen lanak egiteko.

Testu hasieran aipatu modura, egileek Tomb Raiderren mitologia eta protagonista erabat errespetatzea lortu zuten 2013ko berrabiaratzearekin, baina ez hori bakarrik: benetan dibertigarria den abentura bideojokoa eratu zuen Crystal Dynamicsek. Bizia eta latza, agintea askatu gabe jokaldi bakarrean gainditzeko gogoak ematen dituen lan horietakoa. Ondo zahartu da, gainera, eta gaur egun ere berriz jokatzeko lana da Tomb Raiderrena.