Dietzribi-ren eskutik egin ziren garatzaile zein argitarapen ardurak eta 2021eko abuztuaren 4an kaleratu zen bideojokoa. Xbox One eta Series, PS4 zein PS5 nahiz Nintendo Switch kontsoletarako eta PCrako dago eskuragai, azken kasu honetan Steam saltokiaren bidez. Edukiari dagokionez, edozein adinetako pertsonek ikus dezakete, ez baitauka adin txikientzako desegokia den ezer; hala ere, zailtasun mailari dagokionean 8 urtetik gorakoei zuzentzen diete zenbait erabiltzailek. Toodee eta Topdeek, 2Dko plataformak, goitiko ikuskera duten jokoak eta puzzleak uztartzen dituen bideojokoa aurkeztuko digute. Bideojokoa Ludum Dare 41 game jamean sortu zen kontzeptu bezala eta Dietzribi-k hobetzea eta produktu bezala kaleratzea erabaki zuen.

 

Dimentsio bateratuak eta hormetatik dabiltzan kideak…

Jokoaren hasiera-hasieran azalpen sinplea jasotzen dugu, gertakari garrantzitsuenak azpimarratuz. Aleph izeneko izaki ahalguztidun batek bere unibertsoko mundu eta izaki guztiak sortu zituen. Guztien erdian, mundu guztien arteko oreka mantentzen zuen “semicolon” edo “puntu eta koma” jarri zuen.

Hainbeste zeregin zeuzkan Alephek, egin beharreko lan guztiak zerrendatzeko Toodoo izeneko izakia sortu zuela. Unibertsoa erabat osatzeko azken mundua falta zitzaionean, Toodoo oso urduri jarri zen, Alephek eginbehar guztiak bukatutakoan norberarentzat zereginik egon ez eta baztertua izango zela pentsatu baitzuen. Toodook “puntu eta koma” lapurtu eta unibertso osoaren oreka galdu zen, mundu guztiak elkarrekin nahastu zirelarik.

Toodooren ekintzak unibertsoa aldrebesten du eta abenturaren hasiera ezartzen du.

Honela, mundu jakin batean bizi zen Toodeek eta beste mundu bateko Topdeek dimentsio berean bilduta ikusten dituzte beraien buruak. Berezia da, Tooderentzat Topdee hormetatik oinez dabilelako eta Topdeerentzat Toodee egoera berdinean dagoelako. Jokalariarentzat, Toodee 2Dko plataforma joko arrunta izango da, Topdee ordea, goitiko edo zerutiko ikusmira duen jokoen bezala manieatuko du. Bakoitzak bere jokaera eta arau propioak dauzka eta Topdee oso baliagarria izango zaio Toodeerentzat, bere ikuskerako plataformak lekuz aldatu ditzakeelako.

Jokoaren mekanika nagusia aipatutako horretan datza, Toodee eta Topdee portal edo atari batera eraman beharko ditugu, biak hara heldu arte ez da maila bukatuko. Bat kontrolatzen dugunean, beste pertsonaia ia erabat desagertuko da, ukiezin bilakatuko da eta ez du inolako arriskurik sufrituko. Indarrean dagoen pertsonaia ordea, ondo zaindu beharko dugu, bietako bat hiltzekotan maila berriz hasi beharko baitugu.

Menu sinplea dauka baina hasiera batean dirudiena baino aukera gehiagorekin.

Bideojokoak pertsonaia bakoitzaren erabileraren azalpena egiten du, eta hasierako mailak errazak dira, bideojokoaren jokagarritasunaz goza dezagun. Dena dela, ez da komeni jokoaren zailtasun maila gutxiestea, nahiko laster hau igotzen hasiko baita eta zenbait mailek erronka interesgarria suposatuko dute. Badaude maila batzuk beste era batera pentsatzea eskatzen dutenak, hasieran dauzkagun baliabideekin osatuezinak diruditenak, aplikatu beharreko modua aurkitzen dugun arte. Ingelesez mintzatzen diren jokalari batzuek "A-ha!" esanaraziko diguten uneak dauzkala diote.

Berezia da, Tooderentzat Topdee hormetatik oinez dabilelako eta Topdeerentzat Toodee egoera berdinean dagoelako.

Gainera, Toodee eta Topdee “puntu eta koma” lortzen saiatuko dira eta horretarako mundu ezberdinak zeharkatu beharko dituzte. Honelako toki bakoitzak aldagai eta mekanika berriak sartuko ditu eta aurkeztuko zaizkigun erronkak gero eta zailagoak izango dira, tresna, arerio eta bestelako berriak kontuan hartu beharko ditugulako.

Etsaiak eta objektuak indarrean dagoen pertsonaiaren ikuskerara egokitzen dira.

Istorioaren hasiera eta oinarrizko tutoriala aurkezten dituen zerogarren atalaren ondoren, bideojoko honetan 5 mundu edo kapitulu aurkituko ditugu, bakoitza 20 maila desberdinekin. Hauetako bakoitzaren amaieran arerio nagusi bat agertuko zaigu, bi pertsonaien elkarlana eskatuko duena.

Azkar esaten da zenbat maila dauzkan baina hauetako batzuk nola pentsatuta dauden ikusita eduki nahikotxo eskaintzen duela esan daiteke. Beherago azaltzen den marigorringoen erronka zailagoak betez gero seigarren kapitulu bat irekitzen omen da, leku jakin batean giltz berezi bat erabili ostean.

Grafikoki xaloa da baina ez du besterik behar, oso ondo adierazten du helarazi beharrekoa. Elkarrizketetan ere umore puntua jarri du garatzaileak, gidoia garatzen den bitartean barreren bat sortzeko asmoarekin. Soinua aproposa da eta orokorrean lasaia da, maila ezberdinek eskatzen duten erantzuna bilatzerakoan trabarik jartzen ez duen horietarikoa. Kontrolak sinpleak eta zehatzak dira, honelako joko batek behar duen moduan.

Kapitulu bakoitzean etsai, objektu eta mekanika berriak aurkeztuko zaizkigu.

Erronka mardula, baina zailtasun oso moldagarriarekin

Bideojoko hau bakarka joka daiteke, bi pertsonaien kontrola txandakatu egiten baita. Badago 2 jokalarik jolasteko aukera ere, bakoitzak hauetako bat kontrolatuz, txandaka baita ere, jokoaren izaerak hau honela izatea eskatzen baitu. Txandak botoi bakar bat sakatuz aldatzen dira eta oso erraz joka dezakete bi pertsonek modu jariokor batean.

Aipatu bezala, zailtasun maila errespetagarria dauka jokoak baina hau ere pertsonalizagarria izango da, behar duenarentzat erraztasunak ezarriz. Aipagarria da arerio nagusiek kolpe bat baino gehiago behar dutela garaituak izateko. Batzuetan kolpe bat emateko egin behar den lanak esfortzu handia eskatuko digu, horregatik, eskertzekoa da aukera jakin bat izatea etsaiaren lortutako azken fasean berragertaraziko gaituena.

Modu honetan frustrazio arriskua arinduko zaie zenbait jokalariri. Eta hori ez da guztia, haratago doazen aukera garrantzitsuagoak baitauzka: Toodeerentzako airean egin ditzakeen jauzi kopurua igo daiteke (jatorriz ez dauka hau egiteko ahalmenik), Topdeerentzat telekinesi ahalmena aktibatu daiteke (berez ez daukana) eta bi pertsonaiek jasan ditzaketen kolpe kopurua ere igo daiteke (jatorriz kolpe bakarrean hil ohi dira).

Arerio nagusiek bi pertsonaiei erasoko diete txandaka eta lankidetza eskatuko dute.

Erronka handiagoa nahi duten jokalarientzat marigorringo edo amona mantangorriak daude. Kolore desberdinetakoak dira eta bakoitzak lorpen gehigarri desberdinak adierazten ditu: gorriek denbora muga jakin bat pasatzerakoan ihes egiten dute, urdinek pertsonaien arteko txandakatze kopuru jakin bat egin dugunean eta moreek maila horretako arerioren bat erailtzen dugunean.

Marigorriak lortzea erabat hautazkoa da, eta lehen jokaldian nahikoa izango dugu maila ahal dugun bezala gainditzearekin. Dena dela, guztiak lortzekotan sari bat omen dagoela diote lortu duten jokalariek.

Zailtasun maila errespetagarria dauka jokoak, baina hau ere pertsonalizagarria izango da, behar duenarentzat erraztasunak ezarriz.

Plataformen genero arinari zein goitiko ikusmiradun jokoei puzzle bidezko erronka interesgarriak gehitu nahi izatekotan aukera oso ona dugu. Beharbada, ez da jokalari guztientzat baina Steam saltokiko erabiltzaileen iruzkinen %95 positiboa izateak badu zeresana bideojoko hau babesterakoan. Zailtasunak gogorregi kolpatzen bagaitu, garrantzitsua da dauzkan zailtasun-egokitze neurriak ez ahanztea, bakarka zein binaka jolasterakoan.