Betiko polemika eta eztabaida izan ohi da ea bideojokoak egokiak ote diren aisialdirako. Horrelakoetan eta batez ere Bartzelonako eskola batean gertatu ziren bezalako hilketen ostean, topiko ugari haizatzen dira eta bideojoko zaleak jo puntuan izaten dituzte. Hor ibili behar izaten da betiko lupetzetan pirrilaka... bideojokoak sortu zirenetik eta batez ere 1970. hamarkadatik honako motxila izan da.

Ez dut uste zenbait kontutan arrazoi faltarik izaten denik bideojokoei eta berauen erabilerari eginiko kritiketan, baina uste dut batzuei eskua joaten zaiela batez ere biolentziarekin egiten diren loturetan. Iruditzen zait kritika egin beharreko kontua dela baina, aisialdi eta kulturako arlo askotan ere gertatzen dena (zineman, kiroletako hainbat portaeretan, telebistako telesail eta iragarkietan...) kontutan hartu gabe eta ezjakintasunetik eginiko hainbat adierazpen ere ikusten direla. Arazoa izatekotan, orokorragoa dela alegia. Kontrako ikerketak ere plazaratu izan dira eta interesatzen zaionarentzat hemen The Guardian egunkariak plazaratutako artikulua ingelesez.



Baina hain hurrunean ibili gabe, gertuko iritzi bat azaldu nahi izan dizuet. Euskal jakintzaren blogean aurkitu nuen hau ekarri dizuet. Seguruena, bideojokalari askok erdizka edo agian batere konpartituko ez duzuen iritzi bat da. CC-BY-SA lizentziapean eta irudiak salbu, oso osorik ekarri dut. Besterik gabe, guraso arduratu baten iritzia da. Zer pentsatua ematen du eta... zuek zer uste duzue?

Bideojokoak, denbora-pasa egokia?

Gaur egun, bideojokoen erabilera oso zabaldua dago gure gizartean eta ohikoa iruditzen zaigu ume bakoitzak Play Station bat eta horrelakoak edukitzea. Hasiera batean, ordea, hauek denbora-pasa gisa erabiltzen ziren, baina, egun, tendentzia zeharo desberdina da. Jende asko dago kontsola hartu eta ordu asko jolasten igarotzen duena, batez ere, gazte eta umeen artean.

Lehenik eta behin, gurasoez hitz egin beharra dago, beraiek baitira haurrei joko hauek erosten dizkietenak. Aita-ama hauek gehiago kontrolatu beharko lukete beraien seme-alabek makina hauetan solasean ematen duten denbora; izan ere, bestela, kaltegarria izatera irits daiteke haurrentzat. Baina non dago kontrol horren muga? Eta nork ezarri beharko luke?

Bigarrenik, milaka joko mota daude eta honek ere zerikusi handia du. Hauen gaia kontuan hartuta, adinaren baitan sailkapen bat dago: bortitza edota armei buruzkoa bada: +18. Hala ere, adingabeko ume eta gazteek erraz lortzen dituzte, supermerkatuetan edo bideojoko dendetan ez baitago horrelako gauzak kontrolatzen dituenik. Eta honek oso eragin txarra izan dezake haurrengan. Izan ere, armei buruzko jokoak, adituek diotenez, oso oldarkorrak dira eta honek, epe luze batean, ume baten pertsonalitatea eta izaera alda dezake, solasaldia ordu ugaritakoa eta egunerokoa bada.

Ildo beretik jarraituz, bizioa da "dibertimendu makina" hauen beste ondorioetako bat. Solas moduan hasitakoak, gaztetxoengan menpekotasuna sortzen du eta txarrerako joera edo ohiko grina bilakatzen da. Hau gertatzean, pertsona hori uneoro gauza berberan pentsatzen egongo da, eta horrek sor ditzake aldez aurretik aipatutako agresibitatea eta pertsonalitate aldaketa.

Bestalde, egoera hau, orain dela hainbat urtekoarekin alderatuta, zeharo desberdina da. Hasiera batean, kalea edo parkea zen umeen jolasgune nagusia, eta lagun taldeak bertan elkartzen ziren futbolean jolasteko. Egun, bideojoko eta ordenagailuak merkaturatzen joan diren heinean, joera guztiz aldatzen joan da egoera larri batera iritsi arte: haurrek nahiago dute etxean geratu pantaila karratu baten aurrean, kalera irten edota hainbat ekintza egin baino. Zer gertatuko da hemendik 50 urtera teknologiak horrela eboluzionatzen eta garatzen jarraitzen badu?

Hau guztia dela eta, ondorio honetara iritsiko nintzateke: bideojokoak, modu ezohiko eta gehiegizkoan erabilita, kaltegarriak dira eta arazo oso larriak sortzen dituzte. Horregatik, egunero zabaltzen eta handitzen ari den praktika hau gehiago kontrolatu beharko litzateke, bai erosteko orduan (denda edo komertzioko kontrola), bai jolastean (gurasoen bidez).