Toshihiro Nagoshi Yakuza sagaren sortzaileak Ryu Ga Gotoku Studio eta Sega utzi ditu

Lander Unzueta | 2021/10/08 10:30 Berriak



Daisuke Sato ekoizlea ere joan da enpresa japoniarretik. Mafiosoen jokoek aurrera egingo dute Yakuza: Like a Dragon JRPG abentuaren jarraipenarekin.

Toshihiro Nagoshi Yakuza sagaren sortzaile eta zuzendari nagusia Ryu Ga Gotoku Studio taldetik eta Sega enpresatik joan egin da. Horrela iragarri dute Yakuza sagako arduradunek bideo-jokoen webgune ofizialean.

“Sega utzita, Ryu Ga Gotoku Studion edukitako zuzendari kargua ere alboratuko dut”, adierazi du Nagoshik bertan, mafiosoen jokoen zaleek urte luzez eskainitako babesa eskertuta. “Gaur Ryu ga Gotoku Studio berria jaio da”.

Ibilbide luze eta oparoa eduki du Nagoshik Segan. 90eko hamarkadan hasi zen lanean enpresa japoniarraren AM2 departamentu ezagunean: bertan Virtua Racing, Daytona USA edota Virtua Fighter arrakastatsuetan lan egin zuen. Ostean, Super Monkey Ball frankizia ere sortu zuen, Shenmue ezagunaren ekoizle izateko ostean.

Zuzendariaren bide berbera jarraituko du Daisuke Sato sagaren ekoizleak. Irteeraren zergatirik zehaztu ez duten arren, orain aste batzuk Nagoshik jasotako lan eskaintzaren zurrumurruak hedatu ziren sarean. NetEase erraldoi txinatarrak zuzendari japoniarra fitxatzeko ahaleginetan zebilela adierazten zen bertan; alde egite honekin, suposatzekoa da egiazko zurrumurrua zela.

 

Yakuzak bizirik jarraituko du

Iragarpena Ryu Ga Gotoku Studioaren hamargarren urteurrena ospatzeko artikuluarekin egin dute. Halako testu berezia ezin zuten berri txarrekin bete bakarrik, eta beraz sagaren etorkizunari buruzko xehetasunak ere aipatu dituzte testuan.

Masayoshi Yokoyama izango da estudioaren zuzendaria Nagoshiren ostean; Ryosuke Horii, berriz, Yakuza sagaren arduradun nagusian bihurtu da. Yokoyamak gogoratu duenez, Yakuza saga betidanik egon da Nagoshiren izenarekin lotuta: “ez nuen horren mendean egon nahi. Antzina estudioan indar gutxi nuen arren, aldaketagatik borrokan hasi nintzen. Hamar urte igaro dira ordudanik, eta somatzen nuen erresistentzia hori adiskidetasunean bilakatzen joan dela, zuzendari handiaren estudioa jarauntsiko dut orain”.

Yakuza sagako atal berria iragarrita bukatu du Yokoyamak. “Yakuzaren sortzaileek beraien sinesmenak eta ezagutza pasa izan dizkie langile bakoitzari. Hori orain gutxi kaleratutako Lost Judgment-en ikusi duzue, eta Ichiban Kasuga-ren istorioa jarraituko duen prestatzen gabiltzan Yakuza: Like a Dragonen jarraipenean ikusiko duzue“.

Beste xehetasunik eman gabe, Like a Dragonen ikusitako JRPG borrokekin eta mekanikekin jarraituko dutela suposa daiteke, Ichibanek protagonista lanetan jarraituko baitu.

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

218
Kide

6
Jolasten

42
Online

Azken erantzunak

muturbeltz Nov. 28, 2023, 3:30 p.m.

Lehenago switchean pasa det baina berriz pasatzeko gogoa ematen didate zure itzulpenek. Eskerrik asko lanagatik.
Mendi Zerutiarra: Celeste-ren igoeraz euskaraz go…

Ibai Aizpurua Nov. 20, 2023, 1:35 p.m.

Artikulu ederra!!! Neretzat urteko asteburu hoberena izan da! Mila esker denei!
Euskal Game Jam ekimenak euskal bideojoko sortzai…

lowena Nov. 1, 2023, 7:29 a.m.

Euskarazko pokemon joko bat jolasteko aukera izatea espero dut egunen batean!
Pokedex-a euskaratzeko proiektuak 251 sakelako mu…