Eguneratutako grafikoak zein efektuak, 4K bereizmenerainoko euskarria, japoniar bikoizketa berria, 50 fakzio txiki eta mod euskarria dakartza PCrako.
Creative Assembly estudioak zein Sega argitaletxeak Total War: Shogun 2 Complete Edition iragarri dute. Urriaren 13an estreinatuko dute ordenagailuetan, 2011. urteko estrategia jokoa txukunduz nahiz eraberrituz.
Oinarrizko jokoarekin batera, Rise of the Samurai eta Fall of the Samurai espantsioak bilduko ditu behin betiko edizioak, baina ez dira horietara mugatuko: askotariko hobekuntzak aipatzen dituzte egileek.
Hobetutako grafikoak, argiztapena, itzalak eta testurak aldarrikatzen dituzte, baita 1440p edo 4K bereizmenetan jokatzeko aukera, moldatutako interfazeekin. Kontrolak ere txukundu omen dituzte, japoniar nahiz txinatar bikoizketa eraberrituak gehitzearekin batera.
50 fakzio txiki berri kontrolatzeko aukera edukiko dute jokalariek, eta, are eduki gehiago bilatzen dituztenek, Mod.io bidezko mod euskarri ofiziala ikusiko dute. Amaitzeko, 64-bit bertsioa jasoko du, lehen aldiz.
Total War jokorik maitatuenen artean aurkitzen da Shogun 2: Japonia konkistatzera eramaten gintuen, Sengoku aro ospetsuko samurai klan bat gidatu behar izanik lau irla sakratuetako eskualdeak bereganatzerakoan. Denbora errealeko gudu erraldoiak, txandakako kudeaketa mekanikak eta askotariko edukiak biltzen zituen.
Complete Editionak, aipatutakoak txukuntzeaz gain, multijokalarirako abatar konkista modalitatea ekarriko du. Eguneratutako bertsioa erosten dutenek jatorrizko titulua ere eramango dute
Urriaren 13an estreinatuko da PCan Total War: Shogun 2 Complete Edition.
Lander Unzueta
Iruzkinak