Oskar Stålberg garatzaileak bakarka sortutako jokoan hiriak sortzeari ekingo diote jokalariek, inolako mugarik edo erronkarik gabe.

Bideo-joko independenteak izan ohi dira askotan sormena sustatzea eta lasaitasuna aurkitzea bilatzen duten horiek. Hori da Townscaper interesgarriaren kasua: aurten PC-an, Nintendo Switch-ean eta gailu mugikorretan kaleratutako lan honek norbere irudimena bultzatzeko tresnak baino ez ditu eskaintzen. Jokoa erosi baino lehen dohainik probatzeko demoa prestatu du garatzaileak: nabigatzaile bidez joka daiteke, eta euskara hutsean dago gainera.

Oskar Stålberg garatzaileak prestatu duen web orrian sartu eta zuzenean jatorrizko bideo-jokoaren bertsio mugatua probatzeko aukera dago horrela. Atal grafiko eta teknikoa mantendu ditu, baita jostagarritasuna ere: eraikitzeari ekin beharko zaio hiri eder eta koloretsuak sortzeko.

Izan ere, Townscaperrek ez du inolako mugarik ezartzen: ez dago baliabiabiderik kudeatu beharrik, ezta zifra desberdinengandik arduratu beharrik ere. Saguarekin edo agintearekin klik eginda blokeak gehitu, eta hauek bakarrik joango dira batzen eta forma konplexuagoak sortzen.

Eraikinen kolorea aldatu daiteke, baina ez askoz gehiago; halere, sekulako herriak eta hiriak eraikitzeko aukera eskaintzen du bideo-jokoak. Eguzkiaren kokalekua aldatu eta argazki ederrak atera daitezke, hori bai, sortutakoa harro partekatzeko.

Townscaper garatzen hasterakoan Stålbergek jokoa itzultzeko laguntza eskatu zuen sare sozialetan. Jokoak dituen testu urriak biltzen zituen dokumentua eratu, eta komunitateko kideek hauek norbere hizkuntzara itzultzen hasi ziren; modu horretara, zale euskaldun batek egindako lanari esker dago sormen joko independentea euskaraz.

Demora jokatzeko, sakatu hemen. Bertsio osoa, esan bezala, Android, iOS, Switch, Xbox eta PC plataformetan eskura daiteke; ordenagailuen kasuan Steam, GOG eta Epic Games Store saltokietan dago; Xbox Game Pass harpidetza zerbitzuan gehitu dute gainera, bai PCan, bai Xbox kontsoletan.