Sega Master System kontsolako jokoen atal grafikoan oinarritu da Maldita Castilla edo Super Hydorah arrakastatsuen sortzailea bere azken titulua eratzerakoan.

Prykusa-ko zentrala salbatzera eramango gaituen Toxic Tomb argitaratu du Locomalito sortzaileak. Retro jokoen garatzaileak normalean egin bezala, doan jokatu ahalko dugu PCan estreinatu den abenturan.

Mamu eta eskeleto likatsuak akatzen ariko gara, baina helburu nagusia maila bakoitzeko sorgailuak suntsitzea izango da, ezpata zein pistola erabiliz: hau lortuta, sorgailuetan ezkutatzen den deabrua askatuko dugu. Zitala hiltzerakoan gaindituko dugu gunea, hurrengora igaroz.

Sega Master System gailuko jokoek erakutsitako atal grafikoa bereganatzen du bideojokoak: Hamasei koloredun paletarekin, 248×192 bereizmenarekin eta PSG soinu txiparekin, 80ko hamarkadara eramango gaitu.

Motza da, hori bai. Behin menperatuta daukagunean 20 minututan bukatzekoa dela agintzen du Locomalitok, bederatzi maila eta hamar buruzagi bilduta. Windows sistema eragileetan joka dezakegu Toxic Tomben —agian GNU/Linux-en ere abiarazi daiteke, Proton bidez—, eta XInput erabiltzen duten aginteek balio dutela nabarmentzen du arduradunak —egungo ia mando guztiek, alegia—.

Toxic Tomb Locomalitoren webgunean aurkituko dugu; esan bezala, musu-truk jaitsi dezakegu.

 

Retro jokoak biziberrituz

Locomalito ezagutzen ez duenarentzat, retro altxorren egilea da garatzaile espainiarra. Aurretik Maldita Castilla edo Super Hydorah bezalako titulu arrakastatsuak sortu ditu.

Lehenengoa, adibidez, Ghosts ‘n Goblins klasikoen bidea jarraitzen duen plataforma eta akzio abentura dugu: doan kaleratu zuen, baina lortutako ospearekin Maldita Castilla EX deitutako ordainpeko bertsioa merkaturatu zuen PCan zein kontsoletan.

Aipatutakoak eta askoz gehiago sortzailearen webgunean daude.