Ubisoft-en eta Nadeo-ren doako lasterketa joko zoroa 2020an kaleratu zen ordenagailuetan. 1.000 zirkuitu baino gehiago dakartza.

Trackmania dibertigarriaren zaleek bertsio berriak jasoko dituzte. Ubisoftek 2020ko tituluaren PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One kontsoletako bertsioak merkaturatu ditu gaur bertan.

Orain hiru urte ordenagailuetan egin modura, dohainik kaleratu da Nadeo estudioaren lana. Hori bai, Starter Access izeneko doako bertsio mugatuari buruz gabiltza: sormen eta pertsonalizazio aukerak desblokeatzeko Standard eta Club bertsioak eskuratu beharko ditugu.

Ordainpeko aukerek zirkuituak, klubak, kanpainak eta bestelako edukiak ahalbidetzen dituzte. Halere, bakarka zein online jokatzeko doako bertsioarekin molda gaitezke.

Jokatzeko erraza, baina menperatzeko zaila. Hori izan da betidanik lasterketa joko hauen zutabe nagusia, eta halaxe izaten jarraituko du kontsoletako bertsioan.

Zirkuitu eroak zeharkatuko ditugu gure autoen gainean: begiztak, txiribueltak eta Fall Guys bezalako jokoak gogora ekartzen dituzten oztopoak ikusiko ditugu. Hori horrela, argi dago arkade estiloko gidatzea eskaintzen duela bideojokoak.

Lasterketekin batera sormenarentzako txokoa ere badago Trackmanian. Gure zirkuituak sortzeko eta partekatzeko aukera edukiko dugu. Kontsoletako bertsioei dagokienez, editorea zeharo eraberritu dutela diote garatzaileek, kontrol sistema berria inplementatuta eta erabiltzeko ehundaka bloke gehituta: guztira 3.000 baliabide inguru edukiko ditugula azpimarratu dute.

Garatzaileek zein jokalariek sortutako zirkuituekin 1.000 kokaleku biltzen ditu Trackmaniak. Hauek guztiak PlayStationera eta Xboxera iritsiko dira. Antzekoa gertatzen da gure autoak zein ibilgailuak atontzeko nahiz apaintzeko aukerekin. 2.000 skin edo azal aipatzen dituzte arduradunek. Girotze desberdinak dituzten kanpaina eta ekimen bereziak ikustea ere ohikoa izaten da, bukatzeko.

Lagunekin jokatzeko obra aproposa da, argi dagoenez; are gehiago, plataforma arteko jokoari esker kontsola guztietako zein PCko adiskideek elkarrekin joka dezakete.

2020ko PCko bertsioak era guztietako kritikak eta balorazioak jasan ditu azken urteotan. Orain hilabete gutxi batzuk estreinatutako Steam-eko bertsioak, adibidez, ozta-ozta lortu du erabiltzaileen iritzi positibo orokorra. Switch-eko bertsio bati dagokionez, garatzaileek "ez dutela aurreikusita" nabarmendu dute.

Esan modura, Trackmania PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox One gailuetan eskuragarri dago jada: hauen saltoki digitalen bidez instala dezakegu Ubisoften bideojokoa.