Arkeologia mekanikak, gereziondoen bioma zein armaduren apaingarriak gehituko dizkio Mojang-en lanari.

Minecraften 1.20 bertsioa ezagutzen genuen, baina bere izena ezezaguna izan da orain arte: Mojangekoek iragarri dutenez, Trail & Tales deituko da hurrengo eguneraketa handia.

Bere edukiak ezagutzera emateko bideoa prestatu dute garatzaileek; izan ere, berritasunez beteta etorriko da, Bedrock bertsioaren erabiltzaileentzat behintzat —edukiotako gehienak Java bertsioko probetan gehituta daude jada—.

Hasteko eta behin, arkeologia mekanikak aipatzekoak dira. Pintzela hartuta basamortuetan eta bestelako harezko kokalekuetan objektu bereziak lurpetik ateratzen ariko gara. Ontzien zatiak azpimarratzen dituzte garatzaileek: horiek batuta ontziak sor ditzakegu, bakoitza diseinu berezituarekin.

Bigarrenik, gaineratuko duten bioma daukagu: gereziondoena. Zuhaitz eta banbu mota berriekin paisai ederrak eratuko dira guneotan. Gainera, objektu berriak sortzeko erabil dezakegun egurra bilduko dugu bertan.

Hirugarrenik, mob mota berria ikusiko dugu 1.20an: sniffer-ak. Izakiok ikusteko bere arrautzak bilatu eta txitatu beharko dira. Hori eginda snifferra jaioko da: ahate moduko animaliatxoa. Lagun berriak lurpetik are sekretu gehiago ateratzeko balioko digu; kasu honetan, landare eta lore berriak hazteko antzinako haziak. Ez hori bakarrik: gameluak ere agertuko dira eguneraketan, eta hauetan zamalka gaitezke.

Bukatzeko, armadurentzako apaingarriak ere jasoko ditu Minecraftek. Txantiloiak eskuratuta gure armadurak txukunduko nahiz edertuko ditugu; txantiloilok erronka eta misio bereziak burututa aurkituko ditugula diote Mojangekoek.

Minecraft Trails & Talesek ez dauka argitaratze data zehatzik; halere, 2023an argitaratzea aurreikusten dute arduradunek. Aipatutako berritasunetako batzuk Java bertsioan proba daitezke, arestian esan modura.